Mundua -
Indonesia
Gutxienez 10 hildako utzi ditu Indonesiako azken lurrikarak
6,9 graduko seismoa izan da, Lombok uhartean. Azken hilabetean, 400 pertsona baino gehiago hil dira lurrikaren ondorioz Asiako herrialdean.
Agentziak | Erredakzioa
Indonesiako azken lurrikarak 10 hildako eta 24 zauritu utzi ditu, igande gauean. Lombok uhartean izan da, eta 6,9 gradu harrapatu ditu. Azken hilabetean izan diren seismoen ondorioz, 400 pertsona baino gehiago hil dira Asiako herrialde horretan.
Sutopo Purwo Nugroho bozeramailearen arabera, lau pertsona Lombok Ekialdean hil dira, epizentrotik hurbilen dagoen inguruan; horietako bat Lombok Mendebaldean hil da, eta beste bost, Sumbawa uhartean.
Etxeak behera erorita hil omen dira guztiak. Sutoporen arabera, 151 eraikin kaltetu dira azken sismoaren eraginez.
Gauean zein biharamunean, ehun erreplikatik gora zenbatu dituzte, eta hamar, behintzat, 5 gradutik gorakoak izan dira, Indonesiako agentzia geologikoaren arabera.
Lombok iparraldeko errepide batean, arrailak eragin ditu lurrikarak, baita luiziak eta argindar-eteteak ere.
Azken seismoa bart gauean izan da, baina 6,3 graduko beste batekin hasi zuten igandea. Lehen lurrikara horretan, bi pertsona hil ziren eta bat zauritu, eta 1.700 etxe kaltetu ziren.
Gaueko lurrikara Lomboken azken hiru asteetan izan diren seismo guztien artean 6 gradutik gorako indarra harrapatu duen laugarrena izan da. Uhartea toki turistikoa da, eta milaka pertsona etxera itzuli ezinik daude oraindik.
Guztira, 417.000 pertsona atera dira etxetik. Gehienak abuztuaren 5eko lurrikararen ostean atera ziren etxetik. 6,9 graduko seismo batek 460 hildako utzi zituen orduan, eta 72.000 eraikin kaltetu ziren.
Aurretik, uztailaren 29an, 6,4 graduko lurrikara bat izan zen: 16 pertsona hil, 355 zauritu, eta 1.500 eraikin kaltetu ziren Lombok uhartean. Lurrikara hark 300 erreplika izan zituen.
Ozeano Bareko Suzko Eraztunaren gainean dago Indonesia, faila baten gainean. Aktibitate sismiko eta bolkaniko handiko ingurua da, eta 7.000 bat lurrikara izaten dira bertan urtero.