Mundua -
Aktore italiarra
Asia Argentok ukatu egin du Jimmy Bennet aktoreak salatutako sexu-erasoa
Hainbat urtez "lagunak besterik ez gara izan", azaldu du Argentok, eta "zeharo harrituta eta minduta" agertu da egunotan irakurritako "albiste faltsuekin".
Agentziak | Erredakzioa
Asia Argento aktore eta zuzendari italiarrak, Me Too mugimenduaren sustatzaile nagusietako batek, ukatu egin du Jimmy Bennet aktoreak salatutako sexu-erasoa. Horren harian, "egoera ekonomiko larria" bizi zuen gazteari laguntza eskaini ziola ziurtatu du.
Bennet adin txikikoa zela Argentok sexu-erasoa egin ziola zabaldu zuen The New York Times egunkariak astelehenean. Gazteak jarritako salaketaren arabera, sexu-erasoa 2013ko maiatzean jasan zuen, Kaliforniako hotel batean. Hedabide horren esanetan, Argentok 380.000 dolar eman zizkion gazteari gero, isilik jarraitzearen truke.
"Egunotan irakurri ditudan albiste faltsu guztiek zeharo harritu eta mindu naute. Inoiz ez dut sexu-harremanik izan berarekin", esan du aktore eta zuzendari italiarrak ohar baten bidez.
Hainbat urtez "lagunak besterik ez gara izan", azaldu du Argentok, eta Harvey Weinstein ekoizle estatubatuarraren sexu-erasoak salatu ostean The Heart Is Deceitful filmean lankide izan zuen aktore gazteak salaketa faltsua jartzea erabaki zuela gaineratu du.
Me Too mugimenduaren sustatzailearen hitzetan, Bennetek "egoera ekonomiko larria" bizi zuen garai hartan, eta "senideen kontra ere hainbat salaketa jarri zituen, milioika dolar eskatuz". Hala, Weinstein ekoizle estatubatuarraren sexu-erasoak publikoki salatu ondoren, Bennetek bere kontrako salaketa jartzea erabaki zuela ziurtatu du, "dirutza handia eskatuz".
"Bennetek bazekien Anthony Bourdain, nire bikotekidea izan zena, diruduna zela", nabarmendu du Argentok. Hala, italiarraren kontrako "mezu negatiboak saihesteko" eta "bere irudi publikoari kalterik ez egiteko", bere bikotekideak Benneti 380.000 dolar eman zizkiola jakinarazi du aktore italiarrak.