Mundua -
Uholdeak Brasilen
Rio de Janeiro estatuko euriteek 511 hildako eragin dituzte dagoeneko
Biktimen kopuruak gora egin dezake aste honetan, suhiltzaileek ezin izan dutelako oraindik isolatuta geratu diren lurraldeetan sartu.
Erredakzioa
511 pertsona hil dira azken lau egunetan Rio de Janeiroko estatuan izandako euriteengatik. Iturri ofizialen arabera, Brasileko historian izan den bigarren hondamen naturala da honako hau.
Udalerri kaltetuenek zabaldutako datuen arabera, uholdeek eta lur mugimenduek 228 hildako eragin dituzte Teresópolis hirian, 225 Friburgo Berrian, 39 Petropolisen eta 19 Sumidouron.
Biktimen kopuruak gora egin dezake aste honetan suhiltzaileek ezin izan baitute isolatutako lurraldeetan sartu, bai zubiak eta errepideak suntsituta daudelako eta bai lur, lokatz eta harri tonek mendian eraikitako etxeak estali dituztelako.
Egoerak okerrera egingo duen beldur dira agintariak, izan ere, hurrengo egunetarako eguraldi euritsua iragarrita da. Dena den, astearte gauean eta asteazken goizaldean bezalako eurite gogorrik ez dute espero.