Mundua -

BISITA OFIZIALA

Biktimentzako 'justizia' berma dezala eskatu dio Irlandako buruak aita santuari

Frantzisko larunbat honetan iritsi da Dublinera, Familien Munduko Topaketan parte hartzeko. Erlijiosoek Irlandan egindako sexu-abusuak hizpide izango dituzte bisita ofizial honetan.

Frantzisko Aita Santua eta Leo Varadkar. Argazkia: EFE
Frantzisko Aita Santua eta Leo Varadkar. Argazkia: EFE
Frantzisko Aita Santua eta Leo Varadkar. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leo Varadkar Irlandako lehen ministroak "Estatuaren eta Elizaren arteko harreman berri bat eraikitzeko beharra" dagoela defendatu du, azken urte hauetan argitara atera diren abusu kasuen ondoren.

Hala, bere kargua biktima horiek "justizia, egia eta osatzea" lortzen dutela bermatzeko erabil dezala eskatu dio Frantzisko aita santuari.

Espreski erreferentzia egin die Varadkarrek Magdalenako Ikuztegiaren eskandaloari, Ama-Semeen Etxeen eskandaloari, eskola industrialetan gertatutakoei, legez kanpoko adopzioei eta erlijiosoek hainbat adin txikikori egindako abusu kasuei.

Gaur egun erlijioa ezin dela gizartearen muinean egon defendatu du, leku garrantzitsua izan arren. Hala ere, azken urteetan sektore katolikoek eskola zein ospitaleen bidez gizarteari egindako ekarpena ere eskertu du.

Ryan batzordea

Frantzisko larunbat honetan  iritsi da Dublinera, Familien Munduko Topaketan parte hartzeko. 39 urte pasatu dira herrialdean izan zen azken bisita pontifikaletik. Erlijiosoek Irlandan egindako sexu-abusuak hizpide izango dituzte bisita ofizial honetan. Izan ere, 2009an Ryan Batzordea delakoak kaleratu zuen txosten baten arabera, 400 erlijiosok 25.000 adin txikikoren kontrako abusuak egin zituzten 81 urtez, 1914tik 2000ra arte.

Irlandako Elizak "abusuen krimen gorrotagarriei modu egokian aurre egiten" porrot egin duela adierazi du aita santuak, larunbat honetan, Dublinen, eta neurri zorrotzak hartuko dituztela eta ez dela errepikatuko esan du.

Hala adierazi du Frantziskok, agintariei egin dien hitzaldian, Irlandan bi eguneko bisitaren hasieran.

"Elizan adin txikikoak babestu eta hezi behar zituzten kideek abusuak egin zizkieten, eta horrek Irlandan sortutako eskandalu larria aitortu gabe ezin dut utzi", azaldu du.

"Elizako agintariek krimen gorrotagarri hauei aurre egiten izan duten porrotak haserrea eragin du, eta sufrimendu eta lotsatzeko arrazoia da komunitate katolikoarentzat", gaineratu du.

Bisita ofiziala

Frantzisko aita santua bisita ofizial batean iritsi da Irlanda. Herrialdean izan zen azken bisita pontifikala duela 39 urte egin zuten, eta gizartea guztiz aldatuta aurkituko du. Eliza katolikoa krisi larrian sartuta dago, adin txikikoei egindako sexu-abusuen eskandalu berriengatik.

Irlandako herritarren erdiak baino gehiagok bidaiatu zuten Juan Pablo II. aita santua ikusteko 1979an, dibortzioa eta metodo antisorgailuak legezkoak ez zirenean herrialdean.

Gaur egun, Irlandako gizartea askoz ere liberalagoa da, eta azken urteotan abortua eta pertsona homosexualen arteko ezkontzak legeztatu dituzte erreferendumen bidez, Elizaren gogoa desafiatuz. Azken horrek eragin nabarmena du herrialdeko esfera politikoan.

Vatikanoak esan du Frantzisko aita santua apaizen abusuak jasan zituzten biktima talde batekin bilduko dela, eta haiengatik otoitz egingo duela Dublingo katedralean, nahiz eta Egoitza Santuak nabarmendu bisita "familia"n oinarrituko dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Irlanda Umeak albisteak Sexu abusuak Elizan Eliza Katolikoa