Mundua -
4 kategoria
Florence urakan 'arriskutsua' Ameriketako Estatu Batuetara hurbiltzen ari da
26 kilometro orduko abiaduran, oso azkar, mugitzen ari da mendebalde-ipar-mendebalde norabidean.
Agentziak | Erredakzioa
Nahiz eta ufada bortitzenek indar zertxobait galdu (215 kilometroko abiadura), Florence urakana zikloi “oso arriskutsua” da, eta 4 kategoria mantentzen du. Ipar eta Hego Carolinara hurbiltzen ari da (AEBko hego-ekialdea).
AEBko Urakanen Zentro Nazionalak (NHC) azaldu duenez, Florence Bermudatik 625 kilometro hegoaldera dago, eta Fear lurmuturretik (Ipar Carolina) 1.455 kilometro ekialde-hego-ekialdera.
26 kilometro orduko abiaduran, oso azkar, mugitzen ari da mendebalde-ipar-mendebalde norabidean.
NHCko adituek ohartarazi dutenez, urakanak “itsaski ziklonikoa” sor dezake, “Ipar Carolinako eta Hego Carolinako kostaldean gizakien bizitza arriskuan jarriz”.
Horregatik, itsaski ziklonikoa eta urakana zaintzeko agindua eman dute Edisto Beachetik (Hego Carolina) Ipar Carolinako eta Virginiako mugara arte.
Gainera, “bizitza arriskuan jar dezaketen uholdeak” gertatu daitezke, itsasmailak gora egin dezakeelako datozen 48 orduetan.
Datozen 24 orduetan Florence urakanak indarra hartzea espero dute NCHko adituek. Horrela, zurrunbiloak Ipar Carolinako kostaldean lurra ukitu bitartean “oso arriskutsua” izaten jarraitzea espero dute.
Euri-jasek 38-50 zentimetroko uholdeak sortzea espero dute, baita tokian toki handiagoak ere, Ipar Carolina, Virginia eta Hego Carolinako iparraldean, datorren larunbatera arte.
“Euri-jasek ustekabeko uholdeak sor ditzakete eta gizakien bizitza arriskuan jar dezakete”, ohartarazi du NHCk.
Urakanen denboraldian bederatzi ekaitz tropikal osatu dira, Atlantikoan. Horietatik Beryl, Chris, Helen, Isaac eta Florence urakan bihurtu dira, azkena bortitzena.