Mundua -
Bilera
Korea bietako buruek lehenengo bilera egin dute Piongiangen
Bilera horretan hartutako erabakien berri eman ez badute ere, Ipar Koreak eta AEBk desnuklearizazioaren inguruan duten eztabaidari irtenbidea ematea zuen helburu gaurko hitzorduak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kim Jon-un Ipar Koreako buruak eta Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak lehenengo hitzordua izan dute gaur, Piongiangen egingo duten hiru eguneko goi-bileraren baitan, Gobernu hegokorearrak jakitera eman duenaren arabera.
Korea bietako buruak ez ezik, Chung Eui-yong Segurtasun Bulegoko zuzendaria eta Suh Hoon inteligentzia arduraduna eraman ditu bilerara Hego Koreak, Seuleko bozeramaile batek argitu duenez.
Ipar koreak, berriz, Kim Yong-chol, Suhren homologoa, eta Kim Yo-jong, Langileen Alderdiko propaganda zuzendariordea, bidali ditu hitzordura.
Hala, Washingtonekin bitartekari lana egin izan duten Chung eta Suh bileran egoteak eta Kim Yong-cholek eta Kimg Yo-jongek ere bertan parte hartzeak argi utzi du bi aldeek ikusi dutela desnuklearizazioaren gaia jorratzeko beharra.
Dena dela, aipatu iturriek ez dute bileran hitz egin denari buruzko informaziorik zabaldu. Zehaztu duten bakarra da 15:45ean (06:45 GMT) hasi dela bilera, Langileen Alderdiaren Batzorde Zentralaren egoitzan.
Aurreikusitakoaren arabera, Ipar Koreak eta AEBk desnuklearizazioaren inguruan duten eztabaidari irtenbidea ematen saiatu behar ziren.
Izan ere, apirilean eta maiatzean egindako bi bilerei esker elkartu ziren Donald Trump AEBko presidentea eta Kim Jon-un Ipar Koreako burua, iragan ekainean. Han, biek ala biek adostu zuten erregimenaren desnuklearizazioa bideratzea, betiere berorren bizirautea bermatuta. Alabaina, aurrerapauso gutxi egin dituzte harrezkero, Washingtonen eta Piongiangen arteko desadostasunei irtenbidea emateko.