Mundua -

Portugal

Cavakok presidente karguari eutsi dio, hauteskundeetan aise gailenduta

Gobernuan dagoen alderdi sozialistako Manuel Alegrek botoen % 19,7arekin konformatu behar izan du. Cavakok presidente izaten jarraituko du hurrengo bost urteetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Anibal Cavaco Silva Portugaleko presidente kontserbadoreak bost urteko beste agintaldi bat izango du igandeko hauteskundeetan botoen % 52,9 lortuta. Emaitza horri esker, ez dute hauteskundeen bigarren itzulirik egin beharko.

Manuel Alegre Alderdi Sozialistako hautagaiak, eta Cavacoren arerio nagusiak, ez du bigarren itzuli bat behartzearen helburua lortu, botoen % 19,7arekin konformatu behar izan duelako.

Krisi ekonomiko handiaren erdian eta erreskate baten mehatxupean egindako hauteskudeek abstentzio handia izan dute, % 53,3 hain zuzen ere. 2006an, botorik eman ez zutenen kopurua % 38, 74koa izan zen.

Hauteskundeen jardunaldian sistema informatikoek arazoak eman dituzte, baita herritarren txartel digital berriak ere, botoa ematekoa beharrezkoa dena. Hauteskundeen Batzorde Nazionalaren (CNE) bozeramaileek esan dutenez, posiblea da arazo horiek abstentzioan eragina izatea, baina Gobernuak datu hori ezeztatu egin du.

Hauteskunde hauetako ezusterik handiena hautagai independente batek eman du, Fernando Nobre medikuak, hain zuzen. Nobre herritarren plataforma baten hautagaia izan da eta botoen % 14,1 lortu du.

Anibal Cavaco Silvak 71 urte ditu eta 1985 eta 1995 urteen artean lehen ministro kargua izan zuen. Hurrengo hilabetean presidente izendatuko dute berriro eta bost urteko bigarren eta azken agintealdia hasiko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea