Mundua -

Amerikako Estatu Batuak

AEBko Senatuak Auzitegi Goreneko kide izateko babesa adierazi dio Kavanaugh epaileari

Aldeko 50 boto eta kontrako 48 eskuratu ditu Trumpen hautagaiak, hiru emakumek sexu-abusuak egin izana leporatu badiote ere.

Brett Kavanaugh epailea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Brett Kavanaugh epailea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Istoriako emaitzarik estuenarekin bada ere, Kanavaugh Auzitegi Gorenean da

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amerikako Estatu Batuetako Senatuak Auzitegi Goreneko kide izateko behar besteko babesa adierazi dio larunbatean Brett Kavanaugh epaileari, hiru emakumek sexu-abusuak egin izana leporatu badiote ere. Oso bozketa estua izan da, soilik bi botoren aldearekin.

"Aldeko 50 boto eta kontrako 48 eskuratuta, Brett Kavanaugh Auzitegi Goreneko magistratu berri gisa izendatzen dugu", iragarri zuen atzo Mike Pence AEBko presidenteordeak goi ganberan egindako bozketaren emaitzak zenbatu ostean.

Uztailaren 9an jakinarazi zuen Trumpek Brett Kavanaugh kontserbadorea Auzitegi Goreneko magistratu izateko aukeratu zuela, erretiroa hartu zuen Anthony Kennedy eskuindar moderatuak utzitako hutsunea betetzeko.

Azken unera arte zalantza egon bada ere, Auzitegi Goreneko kide izendatzeko behar besteko babesa lortu zuen Trumpen hautagaia. Besteak beste, Susan Collins eta Jeff Flake senatari errepublikanoek Kavanaugh epailearen alde bozkatu zuten, baita Joe Manchin demokratak ere.

AEBko Senatuan 100 senatari ordezkatuta dauden arren, guztira 98 boto zenbatu zituzten. Izan ere, Steve Daines senatari kontserbadorea bere alabaren ezkontzara joan zen bozketaren unean, eta Lisa Murkowski erreopublikanoak "kontra" bozkatu ordez bertan zegoela esanez eman zuen botoa.

Botoa ematen ari zirela, demokratek Christie Blasey Ford psikologia irakasleak salatutako sexu-abusuak mahaigaineratu zituzten. Emakume horrek jarritako salaketaren arabera, erasoa 1982. urtean jasan zuen. Aurreko astean AEBko Senatuan izan zen, garai hartan jasandako sexu-abusuen berri ematen.

Alabaina, AEBko presidentearen esanetan demokratek burututako "beste gezur bat da" hori guztia, eta bere hautagaitzak porrot egiteko Senatuko oposizioak egindako saiakera besterik ez dela ziurtatu du. Ildo horretatik, Trumpek bere babesa agertu dio Kavanaugh epaileari beste behin ere.

Izendapenaren kontra protesta ugari izan dira azken egunotan AEBko kaleetan. Milaka emakume Kavanaughen aurka manifestatu ziren ostiralean, sexu-abusuak jasan dituzten emakumeei babesa adierazteko, baina Washington hiriburuan izandako protesta horretan 302 manifestari atxilotu zituzten.

Haren izendapenaren berri izan ostean, Trumpek mezu bat zabaldu zuen bere Twitter kontuaren bidez, Kavanaugh "Auzitegi Goreneko magistratu bikaina" izango dela nabarmenduz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Trump gaur