Mundua -
Alemania
CSUk gehiengo absolutua galdu du Bavarian
CSUk botoen % 37,2 bakarrik lortu du hauteskundeetan, eta 1962az geroztik aurrenekoz koalizioan gobernatu beharko du. Horst Seehoferrentzako zaplazteko politiko latza da.
Agentziak | Erredakzioa
Alemanian, Angela Merkel kantzilerraren alderdi aliatuak gehiengo absolutua galdu du Bavariako hauteskundeetan, emaitza ofizialen arabera. Kristau Batasun Sozialak (CSU) botoen % 37,2 lortu du. Gehiengo absolutua galdu izana zaplazteko politiko latza da Horst Seehofer alderdiko buruzagi eta Barne ministroarentzako.
Berdeek botoen % 17,5 eskuratu dute eta bigarren indarra bihurtu dira Bavarian, Freie Wähler boto-emaile libreen elkartearen aurretik (bozen % 11,6).
Bestalde, espero zen bezala, Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) eskuin muturreko alderdiak Bavariako Parlamentuan ordezkaritza erdietsi du, bozen % 10,2 eskuratuta. Alderdi Sozialdemokratak (SPD) botoen % 9,7 lortu du, hain zuzen ere, alderdiak eskualde hauteskundeetan lorturiko inoizko emaitzarik txarrena da.
Honezkero, eskuin muturreko alderdiak ordezkaritza du Alemaniako Parlamentu guztietan, Hesseko ganberan izan ezik, baina baliteke bi aste barru egingo diren hauteskundeetan lortzea.
Gizon bat, Bavariako jantzi tradizionalarekin, botoa ematen Irschenbergen (Alemania). Argazkia: EFE
Adituen hitzetan, ezbairik gabe, CSUrentzako emaitza umiliagarria da, eta Seehoferren etorkizuna zalantzan jar dezake, alderdiaren zuzendaritza barruan babesak galdu dituelako.
Kristau Batasun Sozialak koalizioaren beharra izango du gobernatzeko. Alemaniako Die Welt egunkariaren arabera, litekeena da CSU alderdiak Berdeekin edo Freie Wähler boto-emaile libreen elkartearekin gobernu koalizioa osatzea.