Mundua -
Jamal Khashoggi
Alemania eta Saudi Arabiaren arteko armen salerosketa, etenda
Angela Merkel kantzilerrak esan duenez, armen esportazioak "ezin dira gertatu gauden momentuan", Jamal Khashoggi kazetariaren hilketa argitzen ez den bitartean.
Agentziak | Erredakzioa
Alemaniak Saudi Arabiari armak saltzeari utziko dio behin-behinean, Angela Merkel kantzilerrak iragarri duenez, Jamal Khashoggi kazetariaren hilketa argitzen ez den bitartean.
"Armen esportazioari dagokionez, horiek ezin dira gertatu gauden momentuan", esan du Merkelek Berlinen, bere alderdiko (CDU) kideekin bildu ostean.
Heiko Maas Atzerri ministro sozialdemokratarekin batera plazaratutako komunikatu batean, Khashoggiren hilketa gaitzetsi du kantzilerrak.
Merkelen esanetan, Riadek emandako azalpenak ez dira nahikoak, eta, hori dela eta, Berlin bere aliatuekin lankidetzan arituko da Saudi Arabiako Gobernuaren aurrean jarrera bateratua izateko.
"Erabat gaitzesten dugu gertatutakoa. Saudi Arabiaren aldetik gardentasuna espero dugu. Erantzuleek kontuak eman behar dituzte", esan dute komunikatuan.
Saudi Arabiari presioa
Turkiako presidenteak, Recep Tayyip Erdoganek, asteartean ikerketari buruzko "xehetasunak" emango dituela esan du.
Gainera, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak komunikatu bateratu batean esan dutenez, Saudi Arabiak kazetariaren heriotzari buruz emandako bertsioak "ekintzak" behar ditu "sinesgarria" izateko. "Urriaren 2an zehatz-mehatz gertatu zenaren gaineko argibideak behar ditugu", esan dute.
Ameriketako Estatu Batuetan, kongresista errepublikano eta demokrata batzuek Saudi Arabiaren aurkako neurriak hartzea eskatu dute, hilketaren atzean Saudi Arabiako printzea dagoelakoan.
Adel al Jubeir Saudi Arabiako Atzerri ministroaren esanetan, Khashoggiren kontrako operazioa "klandestinoa, okerra eta zentzugabea" izan zen.
Al Jubeirren esaentan, Mohamed bid Salman Saudi Arabiako printze oinordekoa "ez zegoen jakinaren gainean", baina heriotzaren erantzuleak justiziaren aurrera eramango dituztela hitzeman du.