Mundua -

Samina Australian

Australiako lehen ministroak barkamena eskatu die pederastiaren biktimei

Australiak museo bat eta zentro bat sortuko du sexu erasoen inguruan kontzientziatzeko eta horiek saihesteko.

Scott Morrison Canberran astelehen honetan emandako hitzaldian. Argazkia: EFE
Scott Morrison Australiako lehen ministroa Canberran astelehen honetan emandako hitzaldian
Scott Morrison Canberran astelehen honetan emandako hitzaldian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Scott Morrison Australiako lehen ministroak barkamena eskatu die, astelehen honetan, Australiako erakundeen menpe egonda, hamarkadetan zehar, sexu erasoak jasan zituzten milaka adin txikikori, "entzun, sinistu eta justizia egin ez izanagatik".

"Behin eta berriro, gaur, barkamena eskatzen dugu", esan du Morrisonek Canberrako Parlamentuaren eta biktimen aurrean egindako hitzaldi hunkigarrian.

Sexu erasoak "eskoletan, elizatan, gazteentzako taldeetan, eskaut taldeetan, umezurtz-etxeetan, kirol taldeetan, karitate talde eta etxeetan" eman ziren "egunez egun, astez aste, hilabetez hilabete, hamarkadaz hamarkada".

"Barkamena eskatzen dugu lapurtutako haurtzaro bakoitzagatik, bizitza bakoitzagatik, konfiantza hautsi izanagatik, boterearen abusuagatik (...); ikertua izan ez den krimen bakoitzagatik, baita zigorrik gabe gelditu den krimenengatik; entzun eta sinistu ez genuen aldi bakoitzagatik ere eskatzen dugu barkamena, ahanztura hori lotsaizuna baita nazioarentzat", aitortu du Morrisonek.

17.000 biktima

2012an gobernu batzordea sortu zuten Australian erakundeek sexu abusuen harira emandako erantzuna ikertzeko. Batzorde horrek landutako txostenean 400 gomendio eman zituen joan den abenduan; besteak beste, biktimei kaltea ordaintzea.

1920. hamarkadatik, erakunde publiko eta erlijiosoen menpeko 4.000 zentro baino gehiagotan sexu abusuak piratu zituzten 17.000 biktima baino gehiago elkarrizketatu zituen Australiako Gobernu batzordeak

Australiako Gobernuari dagozkion 122 gomendioetatik abian jarritako 104 horien inguruko informazioa urtero emango duela esan du Morrisonek; halaber, museo bat eta zentro bat sortuko dute sexu erasoen inguruan kontzientziatzeko eta horiek saihesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Australia Umeak azken ordukoa Sexu erasoak Sexu abusuak Elizan Vatikanoko azken ordukoa