Mundua -

Iraultza demokratikoa

Egiptoko lehen ministroa: 'Mubarak irailean joango da'

- Gobernuak eta oposizioak Konstituzioa aldatzea adostu dute.

- ElBaradeik oposizioko liderrak negoziazioak "ilunak" direla salatu du.

- 10 egunen ostean, banketxeak berriz irekita daude.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ahmed Shafiq Egiptoko lehen ministroak Hosni Mubarakek iraila arte ez duela boterea utziko adierazi dio CNN telebista kateari, izan ere, Shafiqen esanetan, irailean hauteskundeak egitea aurreikusten dute.

"Mubarak presidenteak irailean alde egingo du", azaldu du Shafiqek. Hala ere, jarraian, Mubarak lehenago ala beranduago alde egingo duen gaiaren inguruan eztabaida dagoela onartu du.

"Hemen, Egipton, irailaren azken egunetara arte agintean jarraitzearen aldekoak gara", esan du lehen ministroak, "Mubarak joan aurretik gauza asko lotu behar baititugu".

Kazetari eta giza eskubideen aldeko aktibisten atxiloketei dagokienez, atxiloketa horiek aldez aurretik agindu gabekoak direla argitu nahi izan du Shafiqek; bakoitzaren erabakien ondorioa izan daitezke, baina ez Gobernuak emandako aginduaren ondorioa.

Konstituzioa aldatzeko akordioa

Omar Suleiman Egiptoko presidenteordeak eta oposizioak konstituzioa aldatzea eta Larrialdi Legea bertan behera uztea -1981etik indarrean- adostu dute gaur goizeko bileran, telebista publikoak jakinarazi duenez.

Hain zuzen, Konstituzioaren 76 eta 77 artikuluak aldatzea hitzartu dute; lehenak, presidentetzarako hautagaiaren irizpideak jasotzen ditu eta bigarrenak, presidente batek agintean zenbat urte egon daitekeen ezartzen du.

Anaia Musulmandarrek adierazi dutenez, bileran lortutako akordioak "ez dira nahikoak" eta gaurkoa "lehen urratsa baino ez da izan".

ElBaradeiren kritikak

Mohamed ElBaradei Aldaketaren aldeko Elkarte Nazionalaren liderrak ezken orduetako negoziazioak "ilunak" direla salatu du. Negoziazio horietan Omar Suleiman presidenteordeak eta oposizioko talde batzuk hartu dute parte.

Elkarrizketa horietatik kanpo utzi dituzte, esaterako, Apirilaren 6ko Mugimenduko kideak. Hauek, azken hamahiru egunetan Mubaraken kontra egindako protesten parte garrantzitsua dira.

Elkarrizketa horietan ez duela parte hartu adierazi du ElBaradeik. "Ez naute negoziazioetara gonbidatu, baina gertatzen den guztiari adi nago", azpimarratu du.

Banketxeak berriz ireki dituzte

Hamar egunen ostean, Kairoko banketxeak berriz ireki dituzte igande honetan.

Ilara luzeak sortu dira ordutegi mugatua duten banketxeen ateetan.

"Bost egun daramatzat zain soldata kobratzeko zain. Ez daukat dirurik eta eskatu behar izan dut, baina gaur kobratu behar dut utzitako itzuli ahal izateko", adierazi du ilara batean zain zegoen herritar batek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea