Mundua -
Hamaika hildako
Pittsburgheko hiltzailea gorroto delitu batengatik epaituko dute, ez terrorismoagatik
Ekintza terrorista denik baztertu du fiskaltzak. Hiltzailearen kontra heriotza-zigorra eskatuko du. Antza denez, antisemitismoa izan zen bere motibazio bakarra.
Agentziak | Erredakzioa
Pittsburghen hamaika pertsona hil zuen gizonaren kontra heriotza-zigorra eskatuko du Fiskaltzak, gorroto delitu batengatik, baina ez terrorismoagatik.
"Honi gorroto delitu bat bezala ekingo diogu. Ezerk ez digu adierazten inork lagundu dionik; beraz, delitu bezala bideratu dugu, baina ikertzen jarraituko dugu", esan du Scott Brady fiskal federalak.
Rob Bowers, hiltzailea, astelehenean agertuko da epailearen aurrean. Hogei kargu leporatzen dizkiote: hamaika kredo askatasuna erabiltzen ari ziren pertsonak hiltzeagatik, hamaika suzko armak hiltzeko erabiltzeagatik eta zazpi segurtasun indarrarekin izandako tiroketarekin erlazionatuta.
Antza denez, hiltzailearen motibazioa antisemitismo hutsa izan zen. Agintariek baieztatu dutenez, bereizi gabe tiro egiten zuen bitartean, Bowersek “judu guztiak hil egin behar direla” oihukatzen zuen.
"Sinagogan, Bowersek genozidioari eta juduak hiltzeko nahiari buruzko iruzkinak egin zituen", nabarmendu du Bradyk.
Gainera, tokiko hedabideek hiltzaileak AEBko supremazistak erabilitako sare sozialetan argitaratutako mezuak argitaratu dituzte. Horietan, bere armategiaz harro agertzen zen, eta juduen aurkako gorrotoa erakusten zuen.
Fiskalak azaldu duenez, "norbanako batek beste etnia edo fede erlijiosoaren kontrako gorrotoak bultzatuta jarduten duenean da gorroto delitua, eta etxeko terrorismoa, aldiz, indarkeriaren bidez ideologia bat zabaltzen saiatzen denean".