Mundua -

Alarma gorria

12 pertsona hil dira Italiako haize eta euri denboralearen ondorioz

Ligurian alarma berpiztuko da gauerditik aurrera, denboraleak berriz gogor joko duela espero baita. Toti eskualdeko gobernatzaileak larrialdi egoera ezartzea eskatu dio babes zibileko buruari.

Zuhaitz batek azpian harrapatutako hainbat auto, Terracinan. Argazkia: EFE
Haize denboralea Italian. Argazkia: EFE
Bederatzi pertsona hil dira Italian, denboralearen ondorioz

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

12 pertsona hil dira Italian, herrialdea astintzen ari den haize eta euri denboralea dela eta. Hainbat eskualde alerta egoeran daude, bai iparraldean baita hegoaldean ere, haize bolada bortitzak eta euri-jasa bortitzak iragarrita baitaude.

Astelehenean zazpi pertsona hil ziren herrialde italiarrean, gehien bat zuhaitzak gainean erorita. Asteartean, aldiz, beste bost pertsona hil dira. Azken orduetan itota hil den emakume baten gorpua topatu dute Dimaro herrian (Trentino eskualdea, Italia iparraldea); itsas-gizon batena, Catanzaron (Italia hegoaldea) eta beste gizon batena, San Giovanni in Marignanon (Rimini, Italia erdialdea).

Haize gogorrak botatako zuhaitzak gainera erorita hil dira gehienak (sei pertsona). Castrocielo herrian (Frosionone probintzia, Italia iparraldea), bi pertsona hil dira zihoazen auto gainera arbola bat jausi ostean. Handik gertu dagoen Terracina herrian, pertsona bat hil eta beste bi larri zauritu dira tankerako egoeran.

Albisolan (Savona, Italia iparraldean) emakume bat zendu da haizeak mugitutako objektu batek buruan jota. Caserta probintzian (Napolesetik gertu, herrialdearen hegoaldea) eta Bellunon (Veneto, ipar-ekialdea) hildako bana atzeman dituzte.

Gaur bake apur bat izan ostean, Ligurian alarma berpiztuko da gauerditik aurrera, denboraleak berriz gogor joko duela espero baita. Izan ere, Goivanni Toti eskualdeko gobernatzaileak larrialdi egoera ezartzea eskatu dio gaur babes zibileko buruari.

Venezian, Genovan, Napolin eta Erroman eskolak itxita daude. Italiako hiriburuan, adibidez, suhiltzaileek 100 irteera baino gehiago egin behar izan zituzten atzo.

Venezian, 2008az geroztik izandako itsasgora handiena eduki dute (156 zentimetro) eta "agua alta" delakoa eragin. Kale, kanal eta plaza asko, San Marcos bera barne, urpean geratu dira. Vaporeto zerbitzua etenda dago. Iragarpenen arabera, gaurtik aurrera behera egingo du urak, 130 zentimetroraino.

VENECIA ITALIA UHOLDEAK AQUA ALTA EFE

VENECIA ITALIA UHOLDEAK AQUA ALTA EFE

Urpetutako kale bat, Venezian. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Denboraleak Eguneko albisteak Albisteak Italia Ekaitzak