Mundua -

Migratzaieen karabana

Mexikoko mugatik AEBra doazen migratzaileei asilo eskaerak mugatuko dizkie Trumpek

Halaber, AEBko legeak errespetatu gabe herrialdean sartzen harrapatuz gero, horien kasuak aztertu arte ez dituztela aske utziko ohartarazi du.

Mexikoko mugatik AEBra doazen migratzaileei asilo eskaerak mugatuko dizkie Trumpek. Argazkia: EFE
Mexikoko mugatik AEBra doazen migratzaileei asilo eskaerak mugatuko dizkie Trumpek. Argazkia: EFE
Mexikoko mugatik AEBra doazen migratzaileei asilo eskaerak mugatuko dizkie Trumpek. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak ostegun honetan jakitera eman duenez, Mexikoko muga igarota AEBra sartzen diren migratzaileei asilo eskaerak mugatuko dizkiete. Izan ere, soilik araututako sarbide jakin batzuetatik sartzen diren pertsonek izango dute herrialdean onartuak izateko aukera.

“Asilo politikoa eskuratu nahi duten migratzaileak gune jakin batean aurkeztu beharko dira”, esan du Trumpek. “Araudia errespetatu gabe eta legez kontra AEBn sartzea erabakitzen dutenek ez dute inolako aukerarik izango gure herrialdean onartuak izateko”, gaineratu du agintari estatubatuarrak.

Halaber, AEBko legedia errespetatu gabe herrialdean sartu nahian atxilotuz gero, horien kasuak aztertu arte ez dituztela aske utziko jakinarazi du, eta deportatu egingo dituztela ziurtatu du.

Horren aurrean, Erdialdeko Amerikatik AEBra iristeko asmoz bidean dauden migratzaileei etxera itzultzeko eskatu die. Izan ere, legezko prozesu baten bitartez herrialdean sartzen ez diren pertsona guztiak kanporatu egingo dituztela berretsi du.

Erdialdeko Amerikatik AEBra bidean doan migratzaileen karabanari ateak ixteko, behar izanez gero, Mexikoko mugan 15.000 soldadu zabaltzeko agindua emango duela esan eta biharamunean egin du ohartarazpen hori Trumpek.

Armadak tiroz erantzun dezake

Bestalde, migratzaileek Mexikoko mugan dauden soldaduei “harriak” jaurtiz gero, horiek tiroz erantzuteko aukera izango dutela esan du. Trumpen esanetan, urriaren 13an Hondurastik abiatutako migratzaileen karabanak harriak bota zizkion Mexikon Poliziari.

Urriaren 19an, sei agente zauritu ziren, 3.000 migratzaile inguruko taldeak hesi bat behera bota eta harrikatu zituztenean. Alabaina, agintariek geroago jakinarazi zutenez, “migratzaileen karabanarekin zerikusirik ez zuten pertsona batzuk” dira egun hartako erasoen egileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak bideoak Mexiko argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Trump gaur Guatemala azken ordukoa Zer gertatu da Tegucigalpan?