Mundua -
Narkotrafikoa
Segurtasun neurri handiak, 'El Chapo' Guzmanen aurkako epaiketaren hasieran
Sinaloako kartelaren ustezko buruzagia AEBetara estraditatu zuten duela ia bi urte. Epaiketak ez du azaroaren 13ra arte auziaren funtsa aztertuko.
Agentziak | Erredakzioa
Joaquin El Chapo Guzman Loera mexikarraren etorkizuna erabakiko duen epaimahaia aukeratzeko dozenaka pertsona elkarrizketatuko dituzte New Yorkeko gorte federalean. Epaiketa astelehen honetan hasi da, segurtasun neurri handien artean. Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak biziarteko kartzela-zigorra eskatu du, narkotrafikoa egotzita.
Sinaloako kartelaren ustezko buruzagia AEBetara estraditatu zuten duela ia bi urte. Epaiketa goizean hasi da, baina ez du azaroaren 13ra arte auziaren funtsa aztertuko, epaimahaia aukeratu ondoren.
Guzman New Yorkera heldu denetik segurtasun neurri handiak ezarri dituzte agintariek. Epaimahaiko kideak publikoaren begiradatik at hautatzen ari dira. Gainera, bost kazetarik soilik eman ahal izango dute epaiketa historiko eta mediatikoaren berri.
Hasiera batean, epaimahaia osatzeko hautagaiak mila baino gehiago ziren, ondoren zerrenda 100 batera murriztu zuten, eta azkenean ez dute jakinarazi horietako zenbat elkarrizketatu behar dituzten.
Hamabi epaimahaikide eta sei ordezko aukeratu behar dituzte. Haien izenak, bizilekuak eta lanbideak ez dituzte jakitera emango. Epaiketako kideak gortera joan eta etxera itzultzeko bidean marshallek zainduko dituzte, Guzmanen aliatuen erasoak saihesteko.
Sinaloakoa nazioartean presentziarik handiena duen kartela da, DEAren (AEBko drogaren aurkako agentzia) arabera.
Lekuko, laguntzaile zein menpeko ohien izenak sekretupean dituzte oraindik.
New Yorkera estraditatu zutenetik Guzman Manhattango Metropolitan Correctional Centerreko hegalik seguruenean dago. Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak El Chapo estraditatzeko baimena eman zuen, heriotza-zigorra ezarriko ez diotela adostu ondoren.
Brooklynera eramateko segurtasun neurri handiak jarri dituzte: ibilgailuen eta polizia armatuen konboi bat, baita helikoptero bat ere. Auzitegiko eraikinean ere segurtasuna bistakoa da. Gainera, Brooklyneko zubia itxi egiten dute konboia pasatzeko.
Epaiketak hiru edo lau aste irautea espero da.