Mundua -
SUTEAK
Kaliforniako suteetan hildakoen kopurua 42ra igo da
Gainera, 200 pertsona baino gehiagoren bila ari dira. Haize zakarra sua itzaltzeko lana zailtzen ari da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 42 pertsona hil dira Kalifornian, suteen ondorioz, ABC News AEBko telebista kateak jakinarazi duenez. Gainera, 200 pertsona baino gehiagoren bila ari dira. Beraz, litekeena da hildakoen kopuruak gora egitea datozen orduetan.
Kory Honea Butte konderriko sheriffak emandako datuen arabera, 228 desagerpen salaketa jaso dituzte. "Orain arte falta ziren 107 pertsona aurkitu ditugu", esan du kazetarien aurrean egindako adierazpenetan. Azpimarratu duenez, oso litekeena da gehienek garretatik ihes egitea lortu izana eta onik egotea.
"Camp Fire" izenez bataiatutako sutea Kaliforniaren historiako hilgarriena da. 1933an Griffith Park izeneko sutearen ondorioz, gutxienez 29 pertsona hil ziren Los Angelesen.
Suak 45.700 hektarea eta 7.000 eraikin baino gehiago kiskali ditu, etxebizitzak gehienak. Suhiltzaileek sutearen % 30 kontrolatzea lortu dute soilik.
Donald Trump presidente estatubatuarrak Twitter bidez aurreratu duenez, Kalifornia hondamendi eremu izendatuko du eta, ondorioz, kaltetuek diru-laguntzak jasoko dituzte.