Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Ivanka Trump ikertuko dute, posta elektronikoa Gobernu gaietarako erabiltzeagatik

Estatu Batuetako presidentearen alabak lege federalak urratu ote zituen argitu nahi du Alderdi Demokratak.

Ivanka Trump, AEBko presidentearen aholkularia Etxe Zurian. Argazkia: EFE
Ivanka Trump, AEBko presidentearen aholkularia Etxe Zurian
Ivanka Trump, AEBko presidentearen aholkularia Etxe Zurian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetan, Ordezkarien Ganberako demokratek Ivanka Trump presidente estatubatuarraren alabaren aurkako ikerketa iragarri dute, posta elektroniko pertsonala Etxe Zuriko gaietarako erabilita lege federalak urratu ote zituen ala ez argitzeko.

Astelehenean The Washington Post egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, Ivanka Trumpek posta elektroniko pertsonala erabili zuen Etxe Zuriko langileekin harremanetan jartzeko. Etxe Zuriko bozeramaile batek informazioa baieztatu zion AEBko egunkariari. Gobernuen arteko trantsizio garaian gertatu omen zen, eta logistika eta kontziliazio gaietarako soilik.

Bozeramaile horren esanetan, ordea, presidentearen aholkulari kargua hartu zuenean hasi zen Ivanka Trump horrelako mezuak posta elektroniko ofizialetik bidaltzen, hain zuzen ere, lege federalak betetzeko.

Demokraten ustez, azalpen horiek ez dira nahikoak. Hori dela eta, Ivanka Trump eta Jared Kushner senar-emazteak ikertuko dituzte. Emaztea bezala, Jared Kushner AEBko presidentearen aholkularia da, eta iaz antzeko kasu batean nahasita egon zen.

Alderdi Demokratako iturriek The Hill egunkariari azaldu diotenez, ikertzen jarraituko dute Ivanka Trumpek legea bete duen ala ez jakiteko. Elijah Cummings ordezkariaren hitzetan, iaz senar-emazteak ikertu zituzten, bi alderdiek gidatutako ikerketa baten baitan, baina Etxe Zuriak ez zuen beharrezko informazioa eman.

Hillary Clinton AEBko presidentegai ohia ere ikertu zuten, ustez, posta elektroniko pertsonaletik AEBren segurtasuna arriskuan jar zezakeen informazioa bidaltzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Trump gaur