Mundua -

Iraultza Libian

Gadafiren hegazkinek eta mertzenarioek 250 lagun hil dituzte Tripolin

- Tentsioak gora egin du Tripolin, gorpuak kaleetan botata daude eta tiro hotsak dira nagusi.

- Boterea uzteko eskatu dio formalki Gadafiri Libiako Emigrazio ministroak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tripolin protestetan parte hartu duten manifestariak bonbardatu dituzte Libiako Armadako hegazkinek, Al Jazeera telebistak jakitera eman duenez. Dena den, Saif al Islam Gadafiren semeak bart gauean Estatuko telebistan azaldu zuenez, hegazkin militar horiek ez dute Tripoli bonbardatu, eta horien helburua urruneko munizio gordetegiak zirela ziurtatu du.

Bonbardatutako auzoak ez ditu zehaztu telebistak. Gainera, "mertzenarioek" manifestarien aurka tiro egin dute eta hildako ugari utzi dituzte, Quryna egunkariaren arabera. Gutxienez 160 hildako utzi dituzte liskarrek Tripolin astelehen honetan, Al Arabiya telebistak jakitera eman duenez.

Tentsioak gora egin du gaur Tripolin, gorpuak azaldu dira kaleetan botata eta tiro hotsak dira nagusi hiriko auzo batzuetan, besteak beste, artilleria astuneko jaurtigaien hotsak, bizilagun batek jakinarazi duenez.

Abdul Jalil Mustafa Libiako Justizia ministroak dimititu egin du "manifestarien aurka erabilitako neurriz kanpoko indarkeriagatik", ministroak berak Quryna egunkari lokalean adierazi duenez.

Boterea uzteko eskatu dio formalki Gadafiri Ali Errichi Emigrazio ministroak, Al Yazira telebistak jakitera eman duenez.

Ustekabean Libiako Aireko Armadako bi ehiza-hegazkin lur hartu dute Maltako aireportuan, Maltako Gobernuak jakinarazi duenez.

Iturrien arabera, hegazkinetan Libiako Armadako bi koronel zihoazen eta "asilo politikoa" eskatu dute. Mirage hegazkinak Okba Ben Nafiko (Libiako iparraldean) basetik abiatu ziren.

Egoera kaotikoa

Libiako egoera gero eta okerragoa da, eta kaosa eta nahasmenanagusitzen ari dira, manifestariek Muamar al Gadafiren aurkakoprotestak gordindu egin baitituzte. Ondorioz, enfrentamenduak, suteak eta arpilaketak daude Tripolin, eta istiluak beste hainbat herritan, Bengasin eta Jalun.

Hiriburuan egoera kaotikoa da. Manifestariek su eman diete Gobernuaren egoitza nagusiari eta Justizia Ministerioari, Gadafiren semeak "gerra zibil arriskuaz" ohartarazi eta ordu gutxira.

Nezar Ahmed kazetari libiarrak Al Jazeeran informatu duenez, manifestariek su eman diete hainbat eraikin ofiziali, eta Segurtasun Indarrek alde egin dute hiritik.

"Ondorioz, hainbat zurrumurru daude", esan du berriemaileak, eta Gadafik ustez herrialdetik ihes egin duela eta Segurtasun Indarren buruzagien artean zatiketak daudela jarri ditu adibide.

Bengasi, Libiako bigarren hiririk garrantzitsuena, guztiz kontrolpean dute Gadafiren aurkako manifestariek. Horrez gain, Armadako zenbait kidek bat egin dute manifestariekin, Al Yazira telebistak jakitera eman duenez.

Manifestariek erdialdeko toki garrantzitsuenak kontrolatzen dituzte eta polizia-etxe ugari "hartu" dituzte, horietako askori su eman dietelarik.

Buruzagi erlijiosoak

Muamar Gadafiren erregimenaren aurkako matxinada "betebehar jainkotiarra" dela esan dute Libiako buruzagi erlijioso musulmanek eta horretarako "baliabide guztiak erabiltzea" defendatu dute.

Adierazpen bateratuan, erregimenak "Gizateriaren aurkako krimen odoltsuak" egin izana salatu dute buruzagiek, "inork zigortu gabe, behin eta berriz eta harrotasunez egin ere".

Nazioartearen erreakzioa

Indarkeria "berehala gelditzeko" eskatu dio Gadafiri Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak.

Gainera, "Libiako manifestarien kontrako errepresioa" gaitzetsi dute Europar Batasuneko Atzerri ministroek, eta indarkeriaren erabilerarekin "berehala" bukatzeko eskatu diete herrialdeko agintariei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea