Mundua -

Iraultza Libian

Gadafik 'kalez kale' borroka egingo du manifestarien aurka

- "Armaren bat hartzen duenari heriotza-zigorra" ezarriko diotela ohartarazi du agintariak.

- Libiako Barne ministroak dimisioa aurkeztu du eta manifestariekin bat egiteko eskatu dio Armadari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Martir bat bezala" hiltzeko prest dagoela esan du Muamar Gadafi Libiako buruzagiak, eta boterean eta Gobernuan jarraitzeko "legitimitatea" duela errepikatu du.

Agerraldi publikoa egin du Libiako buruzagiak eta "erreforma garrantzitsuak" iragarri ditu.

Boterea utziko ez duela ziurtatu du diktadoreak telebistan emandako hitzaldian. Era berean, dimisioa bere aukeren artean ez dagoela eta "Libian hiltzeko prest" dagoela erantsi du.

"Estatu arabiarrak eta atzerritarrak Libia ezegonkortzen saiatzen" ari direla adierazi du Gadafik, eta atzerriko telebistak "deabruaren alde lanean ari" direla esan du.

Gainera, "armaren bat hartzen duenari heriotza-zigorra" ezarriko diotela ohartarazi du agintariak.

Bestalde, borroka egingo duela ziurtatu du eta Libiako herritarrei bere burua "maitatzeko" eskatu die. Era berean, "liskarrak piztu dituzten arratoiei" aurre egiteko animatu ditu.

Libiako presidentea ez dela defendatu du Gadafik, Iraultzaren buruzagia baizik. Bestalde, bere herrialdeak amore emango ez duela adierazi du Libiako presidenteak. Erregimenaren aurka protesta egiten duten manifestariek "droga haluzinogenoak" hartu dituztela salatu du.

"Kalez kale" borrokatuko du

Protesten kontra indarkeria erabiliko duela ziurtatu du Gadafik, beharrezkoa baldin bada. Gainera, herrialdea askatzeko "kalez kale" borrokatuko dutela gaineratu du.

Manifestariek Libia Estatu islamiarra, "Afganistan berri bat", bihurtu nahi dutela salatu du diktadoreak.

Egiptoko eta Tunisiako altxamenduak jarraitu nahi dituzten gazteak protesten atzean daudela uste du agintariak. "Arratoiak eta mertzenarioak" direla gaineratu du.

Barne ministroaren dimisioa

Abdula Younis Libiako Barne ministroak dimisioa aurkeztu eta "iraultzarekin" bat egin du, Al Yazira telebistak jakitera eman duenez.

Manifestariak babesteko eta eskakizun "legitimoekin" bat egitea eskatu dio Armadari Younisek.

Ofentsiba militarra

Bien bitartean, Libiako erregimenak indarkeria basatia erabiltzen darrai, Muamar al Gadafi diktadorearen aurka protesta egiten ari direnen aurka hegazkin militarrak eta mertzenarioak erabiliz.

Hildakoak ehunka dira. Herrialdeko bigarren hiri garrantzitsuenean, Bengasin, adibidez, 300 inguru dira azken egunetan hildakoak, mediku baten adierazpenak aipatuta Al Jazeera telebista-kateak jakinarazi duenez. Bengasiko aireportua suntsitu dute liskarretan eta bidaiarien hegazkinek ezin dute lur hartu.

Hiriburuam Tripolin, Aire Armadak hainbat sektore bonbardatu ditu gaur, aipatu telebista-kateak informatu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea