Mundua -

Istlluak

Frantziak Paris blindatuko du larunbateko 'txaleko horien' protesten aurrean

moderatutzat hartzen diren "txaleko horien" ordezkaritza bat hartu du Philippe lehen ministroak. Frantzia osoan ia 90.000 agente arituko dira lanean, horietatik 8.000 Parisen.

Istiluak, Parisen. Argazkia: EFE
Istiluak, Parisen, abenduaren 1ean.
Istiluak, Parisen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ohiz kanpoko bitartekoak" mobilizatuko ditu Frantziako Gobernuak larunbaterako, abenduaren 8rako, "txaleko horiek" deitu dituzten protesten aurrean. Hala,  Estatu osoan segurtasun indarren 89.000 kide egongo dira lanean egun horretan, horietako 8.000 Parisen. Horrez gain, Frantziako hiriburuan jendarmeriaren hamar ibilgailu blindatu izango dira, lehenengo aldiz 2005ean Pariseko behe-auzoetan istiluak piztu zirenetik.

Eiffel Dorrea, Louvre Museoa eta Opera itxita egongo direla iragarri du Macronen Gobernuak. Segurtasun neurri bezala, larunbatean zarratuta egongo diren Pariseko monumentu, museo eta saltokien zerrendari batu zaizkie hiru horiek.  Grand Palais eta Petit Palais museoak, eta Eliseo Zelaien inguruko saltoki asko ere itxita egongo dira.

Hain justu, inguru horretako merkatariei ateak eta sarrerak ixtea gomendatu die Pariseko Poliziak. Aurreko larunbatean, 3 eta 4 milioi euro bitarteko kalteak utzi zituzten istiluek.

Edouard Philippe lehen ministroak ohartarazi berri duenez, delitu bat egiten harrapatzen dituzten pertsona guztiak atxilotuko dira, eta "gorrotoaren eta indarkeriaren aurka irmotasun handiena" erakutsiko dute. Horien aurka "zigor azkar eta sendoa" agindu du, gainera.

Bilera "txaleko hori moderatuekin"

Philippek moderatutzat hartzen diren "txaleko horien" ordezkaritza bat hartu du. Indarkeriatik aldendu dira, eta Macron presidenteari esku hartzeko eskatu diote, neurri zehatz eta azkarrekin, batez ere erosteko ahalmenari begira.

"Presidenteak proposatu dugun guztia kontuan hartu behar du", esan du Jacline Mouraud, "txaleko hori libreen" bozeramailetako batek, Philipperekin bildu ostean. Mouraudentzat, lehen ministroak entzun egin die, eta eskakizunak kontuan izan ditu: "orain presidentearen hitzaren zain gaude".

Zentzu berean, Benjamin Cauchyk, ordezkaritzaren beste kide batek, "Errepublikako presidenteak erantzukizunak hartzeko eta lehenbailehen hitz egiteko ordua" dela esan du. Cauchyrentzat, Macronek "modu zehatzean eta berehala" hitz egin behar du, batez ere “erosteko ahalmenaren inguruko neurri gogor batekin", baina "ez Gabonetako sari huts batekin".

"Txaleko hori libreek" Parisera ez joateko deia egin dute, manifestazioa berriz indarkerian bukatuko denaren beldur direlako. Horren ordez, euren eskualdeetan geratzea eta errepideetako, biribilguneetako eta autobideetako mobilizazioekin jarraitzea eskatu dute, modu baketsuan.

Macronek bertan behera utzi du erregaien gaineko ekotasa

Erregaiaren zerga behin betiko bertan behera uzteko erabakia hartu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Zerga hori aurreikusitakoa baino sei hilabete geroago igoko zuela iragarri zuen asteartean, baina, azkenik, "txaleko horiek" eragindako egonezina baretze aldera, bertan behera utziko duela jakinarazi du.

Eliseoko bozeramaileek eman dute erabaki horren berri. Dirudienez, Frantziako Gobernuak ez zuen beste irtenbiderik azaroaren 17an "txaleko horiek" abiatutako manifestazioak gelditzeko.

Izan ere, abenduaren 1ean Parisen bizitako liskarrak berriro gertatzea saihestu nahi zuen Macronek, datorren larunbatean ere manifestazioa egiteko asmoa baitzeukaten "txaleko horiek".

Halaber, herritarren haserrea baretzeko eta horrek eragindako tentsioa ekiditeko, Gobernuak hartutako beste bi neurriren berri eman zuen asteartean: argindarraren eta gasaren tarifak bere horretan uztea.

Aitzitik, Macronek ez zuen "txaleko horien" aldarrikapen nagusienetako baten aurrean amore eman, alegia, ez zuen onartu ondasunaren gaineko zerga berrezartzea.

Zerga hori 1,3 milioi eurotik gorako ondarea zeukatenek ordaintzen zuten, baina 2018an baliogabetu egin zuten, dirutza handi horiek atzerrira eraman ez zitzaten eta Frantzia inbertitzaileentzat erakargune izan zedin.

Protestek aurrera jarraitzen dute Estatu osoan

Momentuz, istiluek jarraitu dute ostegunean zehar. Aix-en-Provencen istiluak izan dira 150 lizeoetan, eta Tolosan (Okzitania), gutxienez polizia bat zauritu da ikasleekin izandako borroketan. Gainera, beste talde batzuek ere, nekazariek bezala, "txaleko horiei" batu egingo zaizkiela iragarri dute.

Benjamin Cauchyk, "txaleko horien" bozeramaileetako batek, ostiral arratsaldean Macronekin ostiral arratsaldean biltzea eskatu du, Eliseoan. "Ateak ireki behar dizkigu", esan du, ohartaraziz Estatua "gerra zibil batetik gertu" dagoela. "Ez dugu asteburu honetan hildakorik egotea nahi", gehitu du.

MONTPELLIER FRANCIA PROTESTA ESTUDIANTES IKASLEAK EFE

MONTPELLIER FRANCIA PROTESTA ESTUDIANTES IKASLEAK EFE

Ikasleen protesta Montpellierren / Argazkia: EFE.

Ezkerraren zentsura-mozioa

Sozialistek, komunistek eta Frantzia Intsumisoak indarrak batuko dituztela iragarri dute, astelehenean Emmanuel Macronen presidentearen aurkako zentsura-mozioa aurkezteko, "txaleko horien" krisi politikoaren kudeaketagatik.

"Hurrengo astelehenean zentsura-mozioa aurkeztea erabaki dugu", esan du Oliviar Faurek, Alderdi Sozialistaren lehen idazkariak, hiru alderdiek emandako prentsaurreko batean, Asanblea Nazionalean.

Faurek azaldu duenez, oraingoz, Macron Eliseoko Jauregitik botatzeko iniziatiba parlamentarioak hiru talde horien babesa baino ez dauka. "Hurrengo egunetan sinatzaileen kopurua handitzea" espero du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Iparraldea Paris Europa Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Macronen Gobernua