Mundua -

Frantziako erasoa

Poliziak hil egin du Estrasburgoko erasoaren ustezko egilea

Polizia-operazioa egin dute Neudorf auzoan, han baitzegoen ezkutatuta, eta han hil dute Cherif Chekatt 29 urteko ustezko erasotzailea. Estatu Islamikoak bere gain hartu du astearteko erasoa.

Poliziak, Estrasburgoko erasoaren ustezko egilea hil duten auzoan. Argazkia: EFE
Poliziak, Estrasburgoko erasoaren ustezko egilea hil duten auzoan.
Poliziak, Estrasburgoko erasoaren ustezko egilea hil duten auzoan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak hil egin du Cherif Chekatt Estrasburgoko erasoaren ustezko egilea gaur gauean, Frantziako komunikabideek jakinarazi dutenez.

Polizia-operazioa egin dute Neudorf auzoan. Han galdu zuten susmagarriaren arrastoa, eta han topatu dute gaur, hainbat miaketa egin ostean.

Christophe Castaner Barne ministro frantziarrak azaldu duenez, 21:00ak inguruan (20:00 GMT) aurkitu dute susmagarria kalean, noraezean. Atxilotzen saiatu direnean, baina, gizona tiroka hasi da, eta agenteek tiroz hil dute.

700 polizia baino gehiago aritu dira asteartetik Cherif Chekatten bila, eta kontrol zorrotzak ezarri dituzte mugetan, Alemaniara ihes egiten ahaleginduko zelakoan.

Azken egunotan, gainera, bost pertsona atxilotu dituzte harekin lotuta: susmagarriaren gurasoak, bi anaia eta lagun bat.

Estrasburgo erdigunean izan zen erasoa, Gabonetako merkatu baten inguruan, eta hiru pertsona hil eta hamahiru zauritu zituzten bertan, tiroz eta labankadaz.

Hamahiru lagun horietako hiruk gaur jaso dute senda-agiria, baina beste hiru oso larri daude.

Estatu Islamikoaren aldarrikapena

Poliziak Cherif Chekatt hil duela jakin eta gutxira, Estatu Islamikoak bere gain hartu du Estrasburgoko erasoaren ardura.

Amaq agentziak zabaldutako mezu baten arabera, astearteko erasoa Estatu Islamikoko "soldadu" batek egin zuen.

Sirian Estatu Islamikoaren aurka Ameriketako Estatu Batuekin aliantza osatu duten herrialdeetan erasoak egiteko egindako deiaren "erantzuna" izan dela azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris azken ordukoa Frantzia Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak