Mundua -
Lurrikara Zeelanda Berrian
Labana batez hankak moztu dizkiote hondakinen artetik ateratzeko
Gainera, espainiar bat topatu dute hildako 113 lagunen artean. Oraindik 220 baino gehiago dira desagertuta dauden herritarrak.
Erredakzioa
Christchurchen (Zeelanda Berria) izandako lurrikararen ondorioz lanean ari diren erreskate-taldeek gizonezko bat atera dute hondakinen artetik, baina horretarako bi hankak moztu behar izan dizkiote labana suitzar batez.
"Ez zegoen beste aukerarik. Labana suitzar batekin egin dugu lan. Beldurgarria dirudi, baina genuen aukera bakarra zen", adierazi dio Stuart Philip medikuak Dominion Post egunkariari.
Mediku horrek 52 urteko gizonezko bati hankak mozten lagundu dio beste mediku bati. Emakume batek egin zuen ebakuntza,&' || 'nbsp; txikia zelako, izan ere, hondakinen artean lan egin ahal izateko txikia behar zuen izan. Ebakuntzak bost ordu baino gehiago iraun zuen.
Azkeneko orduetan metalezko zerra bat erabili zuten. Gainera, anestesista batek mina arintzen lagundu zion zaurituari, baina ez zuen beharrezko material guztia.
113 hildako
Zeelanda Berriko agintariek 113ra igo dute lurrikararen ondorioz hildakoen balantzea; gainera, kopuruak gora egin dezake, izan ere, ez dago esperantzarik hondakinen artetik jende gehiago ateratzeko. Oraindik desagertuta dauden herritarrak 220 baino gehiago dira.
John Key lehen ministroak esan du "oso egun gogorrak" bizitzen ari direla, baina oraindik mirariak izateko aukerak badaudela.
Christchurchen etxeratze agindua dago ezarrita lapurretak saihesteko eta jendearen zirkulazioa mugatu egin nahi dute, errepiken ondorioz eraikinak erortzen badira biktima gehiago izan ez dadin.
Espainiar bat hilda
Nazionalitate espainiarreko pertsona bat aurkitu dute Christchurchen izandako lurrikararen ondorioz hildakoen artean, Atzerri Gaietarako Ministerioak jakinarazi duenez. Hala ere, ez dute zehaztu nor den hildakoa, baina kontsula hildako sendiarekin jarri da dagoeneko harremanetan.