Mundua -
Iraultza Libian
Zauiyako hiria bonbardatuko duela mehatxatu du Gadafik
- Libia eta Tunisia arteko mugan krisi humanitarioa gertatzeko arriskua dagoela ohartarazi du ACNURek.
- EBk ezohiko goi-bilera deitu du lurraldeak bizi duen egoera aztertzeko.
Erredakzioa
Muamar Gadafik Zauiya hiria bonbardatuko duela mehatxatu du, horrela jakinarazi du Al Yazira telebista kateak.
Errebeldeen eta erregimenaren artean bitartekaritza lanak egiten ari den arduradunak, Mohamed Mektufek, eman die mehatxuaren berri iraultzaren buruei.
Zauiya, lurraldearen mendebaldean libiako hiriburutik 50 kilometrora dagoen herria da. Oposizioak du momentuz bertako kontrola, baina azken orduetan borroka bortitzak izan dira errebeldeen eta Gadafiren aldekoen artean.
Dozenaka zibil formakuntza militarra jasotzen
Gadafiren aldekon balizko erasoetatik babestu ahal izateko pisu handiko armak nola erabili ikasten ari dira bitartean dozenaka&' || 'nbsp; zibil Benghaziko base militarrean.
Gazteak, adinekoak eta haurrak, adin guztietako jendea, ari dira armekin eta kanoiekin trebatzen. Oposizioa eta tropak edozein erasoaldiri aurre egin ahal izateko prestatzen ari direla adierazi du Al Arabiya telebista kateak.&' || 'nbsp;
Krisi humanitarioaren arriskua
Libia eta Tunisia arteko mugan krisi humanitarioa heltzear dela ohartarazi du errefuxiatuentzako Nazio Batuen goi-komisarioak (ACNUR). Dagoeneko 140 mila libiarrek egin dute ihes Tunisiara edota Egiptora.
"Libia eta Tunisia arteko mugan lanean diharduten erakundeko kideek adierazi digute krisia gertukoa dela" esan du Melissa Fleming erakundeko bozeramaileak.
Atzo, astelehena, egun bakar batean 14.000 pertsona inguru heldu ziren Tunisiako mugara eta gaur beste horrenbeste lagun helduko direla espero dute.
EBk ezohiko goi-bilera deitu du
Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek Libiak eta Afrika iparraldeko lurraldeek bizi duten egoera aztertuko dute martxoaren 11n egingo duten ezohiko goi-bileran.
Frantziak, Espainiak,Italiak eta Erresuma Batuak deituta antolatu dute bilera. Alemaniak hasiera batean ez zuen bilera ospatzeko beharrik ikusten, Europar Batasunak atzo onartu baitzituen Muamar el Gadafiren eta bere erregimeneko beste hainbat kideren kontrako zigorrak.
Gadafiren eta haren inguruko beste 25 lagunen ondasunak izoztu eta bisak debekatzea onartu zuen atzo Europar Batasunak. Era berean, Libiari arma-blokeoa ezartzea erabaki zuten.