Mundua -

Iraultza Libian

Giza Eskubideen urraketa ikertzeko eskatu dio NBEk Hagako Auzitegiari

-Horrez gain, arma-blokeoa, Gadafiren kontuen izoztea eta bidaiatzeko debekua adostu dute aho batez.

-100.000 lagun erbesteratu dira astebetean, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziaren arabera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideen urraketa ikertzeko eskatu dio Nazio Batuen (NBE) Segurtasun Kontseiluak Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiari. NBEk, horrela, Muamar Gadafi koronelaren erregimenak azken egunetan egindako ustezko gizateriaren aurkako krimenak ikertzeko bidea ireki du.

NBEn organo nagusia osatzen duten 15 kideek aho batez adostu dute ebazpen hori. Horrez gain, arma-blokeoa, Gadafiren kontuen izoztea eta bidaiatzeko debekua adostu dute aho batez.

Ban Ki-moon NBEn idazkari nagusiaren ustez, erabaki hori "urrats garrantzitsua" da Libiako azken egunetako errepresioari amaiera emateko.

Banen hitzetan, Libiako erregimenak biztanleen aurka egindako erasoak "nazioarteko arauak urratzen ditu eta nazioarteko legearen zein giza eskubideen hauste larria da. Onartezinak dira".

Exodoa

100.000 pertsona inguruk erbesteratu dira otsailaren 19tik ACNUR Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak Twitter bidez jakinarazi duenez.

Guztira, 55.000 lagunetik gora Egiptora abiatu dira eta 40.000 Tunisiara joan dira.

Gadafiren semeak "erreformak" iragarri ditu

Saif el Islam Muamar el Gadafiren semeak&' || 'nbsp; atzo, larunbatean, esan zuen Libiako egoera "bikaina" dela lurraldearen hiru laurdenetan, nahiz eta onartu zuen herrialdean "aldaketarako borondatea" dagoela. Halaber, administrazioan "erreformak" izango direla iragarri zuen.

Al Arabiya katean egindako adierazpenen arabera, Saif el Islamek onartu egin zuen "krisiaren kudeaketan huts egiteak" izan zirela eta, ziurtatu zuenez, "Libia berri bat garatzeko negoziazio baketsua behar da".

Bestalde, "Tripolira joan" eta Gadafiren erregimenaren aurka matxinatzeko deia egin zuen Libiako ekialdeko Armadako buruak herrialdeko militarrei. Zonalde hori jada Gadafiren erregimenaren aurkakoen esku dago.

Bengasin emandako prentsaurrekoan, "askatutako zonaldeko" matxinoak herrialdearen hiriburuan "ekintza militarrik" egin nahi izatea baztertu zuen goi kargu militarrak.

Gadafiren semea, negoziatzeko prest

Oposizioko taldeekin negoziatzeko prest dagoela iragarri zien atzo Gadafiren seme zaharrenak Tripolin dauden kazetari atzerritarrei.

"Armadak terroristei ez erasotzeko eta negoziaziori bidea emateko erabakia hartu du", zehaztu zuen.

Misrata eta Zawiya (herrialdearen mendebaldea) hirietan ezik, herrialdean lasaitasuna nagusi dela adierazi zuen Saif al Islamek. Herrialdearen mendebaldean arazoak daudela onartu zuen.

Libiako buruaren hitzetan, "lasai dago dena" Libiako hiriburuko kaleetan. Jende andana su artifizialak jaurtikitzen eta Gadafiren aldeko oihuak ematen ari dela azaldu du.

&' || 'nbsp;

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Zer gertatzen ari da munduan? Epaiketak albisteak NBE bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Giza eskubideak albisteak Nazioarteko Zigor Auzitegiaren epaiak