Mundua -

Iraultza Libian

AEBek bi eraso ontzi bidali dituzte Libiara 2.000 marinerekin

- Clinton: 'Gerra zibil luzea izateko arriskua dago'.

- Libia eta Tunisia arteko mugan krisi humanitarioa izateko arriskua dago, ACNUren ahotan.

- Zauiyako hiria bonbardatuko duela mehatxatu du Gadafik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako bi eraso ontzi Suezeko Kanalera (Egipto) abiatu dira, eta asteazkenean bertatik igaroko dira, Egiptoko Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez. 2.000 marine inguru bidaiatzen dira ''USS Kearsarge'' eta ''USS Ponce'' ontzi anfibioetan.

Muamar Gadafi boteretik kentzeko AEBek eraso ontziak eta hegazkinak Libiara bidaliko zituela iragarri zuen astelehenean.

Robert Gates AEBetako Defentsa idazkariak jakinarazi duenez, ontzi horiek baliteke bizilagunak hiritik ateratzeko lanak egitea edo Libiako herritarrei laguntza humanitarioa ematea.

Bestalde, Nazio Batuen Erakundeak Libia kaleratu du Giza Eskubideen Kontseilutik.

NBE osatzen duten 192 herriek hartu dute erabaki hori aho batez.

Neurri hori aurretik ezagutu ez den erabakia da; izan ere, joan den ostiralean Giza Eskubideen Kontseiluak Libiaren parte hartzea bertan behera gelditzeko eskatu zuen, Gadafiren erregimenaren indarkeriari erantzun bat emateko.

Gerra zibila izateko arriskua

Libian "gerra zibil luze" bat izateko arriskua dagoela ohartarazi du gaur Hillary Clinton AEBetako estatu-idazkariak Kongresuan, eta indarkeriari aurre egiteko Gobernua "debekupeko aire-eremu" bat sortzea pentsatzen ari dela jakinarazi du.

Beharrezko ekintzak prestatzeko NATOko aliatuekin harremanetan daude AEBak. Neurri posibleen artean, debekupeko aire-eremua sor dezaketela aipatu du estatu-idazkariak Atzerri Gaietarako Batzordean.

"Libiari dagokionez, zigor gogorrak ezartzeko gidaritza azaldu dute AEBek", azaldu du Clintonek, besteak beste, Gadafiren ondasunak izoztea erabaki baitute.

Washingtongo Gobernuak "ez du aukerarik mahai gainetik kentzen" eta debekupeko aire-eremu bat sortzea "berriz aztertzen ari" dela erantsi du.

Clintonen esanetan, Libian zenbait aukera eman daitezke, besteak beste, "kaosean itotzea". Horregatik, jokoan asko dago zona desegonkortzea saihesteko, gaineratu du.

Dozenaka zibil formakuntza militarra jasotzen

Gadafiren aldekon balizko erasoetatik babestu ahal izateko pisu handiko armak nola erabili ikasten ari dira bitartean dozenaka&' || 'nbsp; zibil Benghaziko base militarrean.

Gazteak, adinekoak eta haurrak, adin guztietako jendea, ari dira armekin eta kanoiekin trebatzen. Oposizioa eta tropak edozein erasoaldiri aurre egin ahal izateko prestatzen ari direla adierazi du Al Arabiya telebista kateak.&' || 'nbsp;

Krisi humanitarioaren arriskua

Libia eta Tunisia arteko mugan krisi humanitarioa heltzear dela ohartarazi du errefuxiatuentzako Nazio Batuen goi-komisarioak (ACNUR). Dagoeneko 140 mila libiarrek egin dute ihes Tunisiara edota Egiptora.

"Libia eta Tunisia arteko mugan lanean diharduten erakundeko kideek adierazi digute krisia gertukoa dela" esan du Melissa Fleming erakundeko bozeramaileak.

Atzo, astelehena, egun bakar batean 14.000 pertsona inguru heldu ziren Tunisiako mugara eta gaur beste horrenbeste lagun helduko direla espero dute.

EBk ezohiko goi-bilera deitu du

Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek Libiak eta Afrika iparraldeko lurraldeek bizi duten egoera aztertuko dute martxoaren 11n egingo duten ezohiko goi-bileran.

Frantziak, Espainiak,Italiak eta Erresuma Batuak deituta antolatu dute bilera. Alemaniak hasiera batean ez zuen bilera ospatzeko beharrik ikusten, Europar Batasunak atzo onartu baitzituen Muamar el Gadafiren eta bere erregimeneko beste hainbat kideren kontrako zigorrak.

Gadafiren eta haren inguruko beste 25 lagunen ondasunak izoztu eta bisak debekatzea onartu zuen atzo Europar Batasunak. Era berean, Libiari arma-blokeoa ezartzea erabaki zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea