Mundua -
ESTATU BATUAK
Koman dagoen emakume bat haur batez erditu da Arizonan, bortxatua izan ostean
Emakumea ospitaleratutako zegoen zentroko gizonezko langileen DNA laginak biltzen ari da Polizia, erasotzailea identifikatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatu Batuetan, koma egoeran 14 urte daramatzan emakume bat haur batez erditu zen abenduaren 29an Arizonako osasun zentro batean, bortxaketa baten biktima izan ostean.
Phoenix hiriko Polizia osasun zentroko gizonezko langileen DNA laginak eskatzen ari da. Poliziak behargin horiei odol analisiak egiteko agindua eman zuen asteartean harik eta erasotzailea horien artean dagoen ala ez argitzeko, Hacienda Healthcare klinikak ohar bidez jakinarazi duenez.
Osasun zentroak azaldu duenez, langileei odol analisiak egiteko asmoa bazuen ere, ezin dituztela horretara behartu ziurtatu diote lege kontuetan adituak direnek.
Albistearen berri izan ostean, Bill Timmons Hacienda Healthcare konpainiako presidente exekutiboak dimisioa iragarri zuen astelehenean.
Polizia iturrien esanetan, emakumea (29 urte) eta haurra behaketan daude bertako ospitale batean.
Arizonako hedabideek zabaldu dutenez, San Carlos apatxe tribuko kidea da emakumea. Antza denez, Hacienda Healthcare klinikako langileek ez zekiten haurdun zegoenik eta harridura eragin du.
Biktimaren familia "haserre, traumatizatuta eta hunkituta" agertu da sexu-abusuagatik eta arduragabekeriagatik. Familiaren abokatuaren esanetan, senideek bere gain hartuko dute haurraren zaintza.