Mundua -
'Brexit'a
Erresuma Batuko Parlamentuak 'Brexit'ari buruzko bozketa giltzarria egingo du gaur
Diputatuek asteazken honetan ekingo diote berriro Bruselarekin hitzartutako akordioari buruzko eztabaidari, Theresa Mayk abenduaren 11rako deitutako bozketa bertan behera utzi ostean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur arratsaldean erabakiko dute Komunen Ganberan Gobernu britainiarrak brexitari buruz proposatutako akordioaren inguruan.
Komunikabide britainiarren arabera, 100 baino gehiago izango dira itun horren aurka agertuko diren diputatu kontserbadoreak. Oposizioko taldeek eta Gobernua sostengatzen duen Ipar Irlandako Alderdi Demokrata Unionistak kontra bozkatuko dute. Alabaina, hainbat diputatu kontserbadorek ere aurkako botoa emango dutela espero da, akordioarekin kritiko direlako.
Europar Batasunak argi utzi zuen ez zuela hitzartutako akordioa aldatzeko inolako asmorik, baina horren edukiari buruzko "argibideak" emateko prest agertu zen; Irlandarekin muga saihesteko proposatutako segurtasun klausula polemikoaren inguruko azalpenak, batik bat.
Theresa May lehen ministro britainiarrak azken saiakera egin du bere alderdiko diputatuak brexit-aren akordioaren alde egin dezatela konbentzitzeko.
Komunen Ganberan egin duen agerraldian, Mayk beren erabakia bitan pentsatzeko eta jarrera aldatzeko eskatu die, Bruselak ituna "perfektu" egingo lukeen baldintzarik onartuko ez duela ohartarazita.
Parlamentuan akordioa atzera botaz gero, bi aukera aurreikusten ditu Mayk: Erresuma Batua aldebiko itunik gabe ateratzea Europar Batasunetik edo brexit-a blokeatuta, aplikatu gabe geratzea.
Ipar Irlandako balizko muga ere izan du hizpide, horixe baita akordioaren puntu polemikoena. Muga hori ezartzea ahalbidetuko lukeen mekanismoa ez aplikatzeko Erresuma Batuko Gobernuak eta Europar Batasunak ahal duten guztia egingo dutela agindu du.
"Orain arte atera dituzuen ondorioak albo batean utzita, datozen 24 orduotan akordioa berriro irakurtzeko eskatzen dizuet", esan die diputatuei. "Historiako liburuek epaituko dute Parlamentuak hartzen duen erabakia", erantsi du.