Mundua -
Gerra zibila Libian
Oposizioak Gadafi epaitzeari uko egingo lioke, boterea utziko balu
- Libiako Trantsizio Batzorde Nazionalak adierazi duenez, diktadorearen irteera baimenduko luke, Gadafik presidentzia utziko balu.
- Nazioarteak esku har dezakeela ohartarazi dio Gadafiri NATOk.
Erredakzioa
Bara Al Jatib Libiako Trantsizio Batzorde Nazionalaren bozeramaileak jakitera eman duenez, Gadafi auzipetzeari uko egingo lioke, diktadoreak Libia eta boterea utziko balitu.
Atzo, astelehena, Sharq al Aswat egunkari arabiarrak zabaldu zuenez, presidentzia eta Libia uzteko prest agertu da Gadafi, oposizioak bere familiaren dirua eta segurtasuna babestuz gero.
Komunikabide honen arabera, Gobernua eta Libia uzteko eta berak aukeratutako herrialde batera joateko laguntza jasotzea eskatu du horren truke. Gainera, atzerritik aske mugitzeko eta nazioarteko auzitegietan bere kontrako inolako helegiterik ez aurkeztuko ere exijitu die. Adierazpen hauek errebeldeek baieztatu dituzte gaur, asteartean. Libiako telebista nazionalak, berriz, ukatu ditu.
NATOren abisua
Populazio zibilari sistematikoki eraso egiten jarraitzen baldin badio, nazioarteak esku har dezakeela ohartarazi dio Muamar Gadafiren erregimenari Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak.
"Gadafik eta haren tropek sistematikoki populazioari eraso egiten jarraitzen baldin badiote, nazioartea begira geratuko denik ez dut pentsatzen", adierazi du Rasmussenek. Izan ere, NATOko idazkari nagusiaren ahotan, Libian ustez "Gizateriaren aurkako krimenak" egiten ari dira.
Era berean, momentuz Aliantzak operaziorik aurrikusita ez duela argi utzi du Rasmussenek. Soilik eskatzen baldin badiote eta NBEk agintzen badio bakarrik esku hartuko duela azaldu du idazkari nagusiak.