Mundua -
Gerra zibila Libian
Gadafiren hegazkinek Ras Lanuf eta Ajdabiya bonbardatu dituzte
- Matxinoak aipatu herriak defendatzen ari dira, eta Sirte, Gadafiren sorterria, dute jomugan.
- Berriz ere laguntza militarra eskatu diote nazioarteari.
Erredakzioa
Muamar al Gadafiren hegazkinek matxinoen herriak bonbardatzen jarraitzen dute. Hainbat iturriren arabera, gaur Ras Lanuf eta Ajdabiya herriei eraso diete.
Ras Lanufen kasuan, bonbak kanpoaldean, basamortu eremu batean, lehertu dira, EFEk egiaztatu ahal izan duenez.
Herria matxinoen esku dago, eta haren portua eta petrolio instalazioak kontrolpean dituzte.
Haien hurrengo helburu militarra, baina, Sirte izango da. Gadafiren jaioterria da, eta Ras Lanufetik 200 kilometrora dago.
Bi leku horien artean dagoen Ben Yauad herrian, adibidez, borroka egiten ari dira dagoeneko.
Diktadorearen tropak Al Zauiya herriari (hiriburutik 92 kilometro hego-mendebaldera) ere erasotzen ari dira.
Gadafiren soldaduek esan dute herri horren kontrola dutela, baina informazio hori ezin izan da baieztatu iturri independenteen bidez.
Nolanahi ere, Al Jazeera telebista-kateak atzo grabatutako irudi batzuetan, erdigunea matxinoen esku dagoela ikus daiteke.
Matxinoek laguntza militarra eskatu diote nazioarteari
Gerra zibil testuinguru honetan, Gadafik petrolio-instalazioei erasoko dien beldur dira matxinoak, eta beraz, haren aurkako aire bonbardaketak egiteko eskatu diote nazioarteari.
"Mendebaldeak esku-hartu behar du, zoro honek (Gadafi) zerbait egingo baitie petrolio-putzuei. Mendebaldeak aire bonbardaketak egin ezean, instalazioak jokoz kanpo egongo dira luzez", ohartarazi du Mustafa Gheriani matxinoek Bengasin duten bozeramaileak.