Mundua -

Ustezko lanpostu faltsuak

Chiracen aurkako epaiketa ekainaren 20ra arte atzeratu dute

Egun horretan epaiketarako egutegi berri bat ezarriko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jacques Chirac Frantziako presidente eta lehen ministro ohiaren aurkako epaiketa ekainaren 20ra arte atzeratu du Pariseko Auzitegiak. Pariseko Udaleko alkatea zen garaian ustez lanpostu faltsuak sortu zituen Chiracek.

Jean-Yves Le Borgne auzipetu baten abokatuak egun bat lehenago aurkeztutako helegitea onartu du auzitegiak. Epaitutako gertakarien zati bat preskribatu dela uste du abokatuak.

Aurkeztutako afera "serioa" dela erabaki du Dominique Pauthe auzitegiko presidenteak. Kasazioko Auzitegiak hiru hilabete ditu gaia Kontseilu Konstituzionalaren esku utzi ala ez erabakitzeko, Frantziako komunikabideek jakitera eman dutenez.

Erabakia hartu bitartean, Pariseko auzia eta Nanterreko Auzitegiaren eskuetan dagoen zatia "ekainaren 20ra arte" atzeratzea erabaki du Pariseko auzitegiak.

Egutegi berria

Egun horretan epaitegia bilduko da epaiketarako egutegi berri bat osatzeko. Fiskaltza, Chiracen defentsa eta Anticor elkartea (ustelkeriaren kontrako elkartea) bi auziak batera epaitzearen alde agertu ziren.

Pariseko auzitegiaren kasuan interes-gatazka egotzi diote Chiraci, Nanterrekoan, aldiz, "ondasun publikoak bidegabe eralgitzea eta konfiantza-abusua" leporatu dizkiote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea