Mundua -

EKUADOR

'Venezuelako migratzaileak kontrolatzeko brigadak' jarriko dituzte martxan Ekuadorren

'Ateak irekita ditugu, baina ez dugu gure herrikideen segurtasuna arriskuan jarriko. Legea zorrotz ezarriko dugu indarkeriaren eta bidegabekeriaren kontra', esan du Ekuadorreko presidenteak.

Indarkeria matxistaren kontrako protesta, Ecuadorren. Argazkia: EFE.
Indarkeria matxista, Ekuadorren.
Indarkeria matxistaren kontrako protesta, Ecuadorren. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den asteburuan Ekuadorren izandako indarkeria matxista kasu batek herrialde hartako gizartea altxarazi du, beste behin. Gizonezko venezuelar batek bere emaztea hil zuen labankadaz, kale erdian, hainbat herritar eta Polizia parez pare zituela.

Hilketa horren ondoren, mobilizazio jendetsuak egin dira azken orduotan Ekuadorreko herri eta hirietan, indarkeria matxistaren kontra, eta Lenin Moreno presidenteak ere hainbat neurri iragarri ditu. Besteak beste, "Venezuelako migratzaileen gaineko kontrola" ezarriko dutela jakinarazi du. Poliziaren brigada bereziak arituko dira lan horretan.

Twitter sare sozialaren bidez eman du jakitera albistea Moreno Ekuadorreko presidenteak. "Emakumeen segurtasuna bermatzea" dela bere "lehentasuna" ziurtatu du. Hori dela eta, "kaleetan, lantokietan eta mugetan" kontrol bereziak ezarriko ditu, "Venezuelako migratzaileak kontrolpean" izateko.

"Ateak irekita ditugu, baina ez dugu gure herrikideen segurtasuna arriskuan jarriko. Legea zorrotz ezarriko dugu indarkeriaren eta bidegabekeriaren kontra", esan du presidenteak.

Bestalde, Maria Paula Romo Ekuadorreko Barne ministroak jakinarazi du Ibarra herriko poliziaburua kargugabetu dutela, asteburuan izandako hilketa matxista "ez zuelako eragotzi". Herrialde osoa "hunkituta" utzi du asteburuko erasoak, ministroaren esanetan.

Morenoren Exekutiboak zabaldutako datuen arabera, iaz 1,3 milioi venezuelar iritsi ziren Ekuadorrera Kolonbiako mugatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Indarkeria matxista Migrazioa Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Ekuador Matxismoa