Mundua -

VENEZUELA

Maduro prest agertu da oposizioarekin elkarrizketa erronda berria abiatzeko

Venezuelako presidenteak azaldu duenez, 'ados' dago Mexikoko eta Uruguaiko gobernuek egindako proposamenarekin.

Nicolas Maduro, Auzitegi Gorenean egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro, Auzitegi Gorenean egin duen agerraldian
Nicolas Maduro, Auzitegi Gorenean egin duen agerraldian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea prest agertu da, Mexikoko eta Uruguaiko gobernuek proposatu bezala, oposizioarekin hitz egiteko eta elkarrizketa erronda bat abiatzeko.

"Mexikoko eta Uruguaiko gobernuek nazioarteko ekimen bat sortzea proposatu dute, Venezuelan aldeen arteko elkarrizketa sustatzeko (...), ados nagoela esan nahi diet publikoki", esan du Madurok Auzitegi Gorenean eskaini duen hitzaldian. Agerraldi horretan, botere publikoko buruzagien babesa jaso du.

Horrela erantzun dio Madurok Mexikok eta Uruguaik egindako proposamenari. Bi herrialdeek elkarrekin sinatutako komunikatu batean, konponbide "baketsu eta demokratikoa" bilatzeko deia egin diete venezuelarrei.

"Uruguaiko eta Mexikoko gobernuek dei egiten diete aldeei, bai barnekoei eta baita kanpokoei ere, tentsioa murriztu eta egoera zailduko lukeen indarkeriaren igoera bat saihesteko", adierazi dute bi gobernuek Uruguaiko Gobernuak zabaldutako dokumentuan.

Venezuelako presidenteak, bere aldetik, ez du zehaztu Uruguaik eta Mexikok beren burua bitartekari lanak egiteko eskaini ote duten ala ez.

Nicolas Madurok Armadaren eta Estatuko botere nagusien babesa jaso du

Nicolas Madurok Estatuko botere nagusien babesa jaso du azken orduetan, tartean, Venezuelako Armadarena (FANB), Auzitegi Gorenarena, fiskal nagusiarena eta CNE Venezuelako Hauteskunde Batzorde Nazionalarena.

"Bere burua izendatu duen presidenterik" onartuko ez dutela esan zuen atzo Venezuelako Armada Nazionalak (FANB), Vladimir Padrino Defentsa ministroak irakurri zuen agiri batean. Era berean, "atzerriko potentzia baten mende" jarriko ez direla ohartarazi zuen, eta zenbait gobernuren "esku-sartze baldarrak" arbuiatu zituen.

Maikel Moreno Auzitegi Goreneko presidenteak "atzerriko gobernuen laguntzarekin garatzen ari den estatu kolpea" salatu zuen ostegunean, Auzitegi Gorenean Nicolas Maduroren eta beste agintari batzuen aurrean egindako ekitaldi batean. Ildo horretan, Botere Juduzialak "argi eta garbi" Nicolas Maduro presidentea babesten duela azpimarratu du.

Tareck William Saab Venezuelako fiskal nagusiak ere babesa agertu dio Madurori, "estatu kolpea eman eta gobernu paralelo bat osatu nahi dutenen aurrean".

CNE Venezuelako Hauteskunde Batzorde Nazionalak, bere aldetik, Juan Guaido bere burua presidentetzat jo duen oposizioko kidea baztertu du. Ez hori bakarrik, sufragioaren legeari "errespetua" izatea eskatu dio.

Madurok AEBko enbaxada eta kontsulatuak ixtea agindu du

Diplomatiko venezuelarrek AEBtik irten behar dutela nabarmendu du Venezuelako presidenteak, eta enbaxada eta kontsulatuak ixtea ere agindu du. Halaber, estatubatuarrei igandera arteko epea eman die herrialdea uzteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Venezuela Latinoamerikako azken ordukoa Nicolás Maduro gaur Guaidó azken ordukoa