Mundua -

Lurrikararen ondorioak

Eztanda batek kalteak egin ditu Fukushimako laugarren erreaktorean

- Fukushimako ezbeharra "apokalipsia" dela esan du Bruselak.

- Leherketak "bigarren erreaktorea babesteko ontzia kaltetu ahal izan" duela uste du OIEAk.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beste sute batek kalteak eragin ditu Fukushima 1eko zentral nuklearreko laugarren erreaktorean, zentraleko agintariek jakinarazi dutenez.

Sutea 5:45ean (21:45, EAEn) piztu da, Kiodo albiste agentziak azaldu duenez. Oraingoz, argitu gabe daude sutearen nondik norakoak. Zentraleko langile batek jo du alarma.

Beste eztanda bat jaso da zentral nuklearreko laugarren erreaktorean.&' || 'nbsp;Ostiralean 8,9 graduko lurrikara izan ondoren, Fukushimako zentral nuklearrak lau eztanda jasan ditu.

Zentraleko hozte-sistemak kaltetuak gelditu dira eta baliteke partikula erradioaktiboak atmosferara ihes egitea.

Alerta nuklearreko 6. mailara iritsi da Fukushimako zentrala, Gertakari Nuklearren Nazioarteko Eskalan bigarren mailarik larriena, Andre-Claude Lacoste Frantziako agintaritza nuklearreko presidentearen arabera.

7. maila eskalako larriena da (istripu larriak). Ingurugiroan eta osasunean eragin argiak dituzten material erradiaktiboak kanpoaldera askatzen direnean ematen da eta epe luzera neurriak hartzera behartzen du.

Ukrainako Txernobyl zentrala istripu larriaren kasu bakarra da orain arte.

"Apokalipsia"

Fukushimako zentral nuklearraren istripua "apokalipsitzat" jo du Gunther Oettinger Europako Batzordeko Energia komisarioak, eta lantegi horretan "ia guztia kontroletik kanpo" dagoela erantsi du.

"Apokalipsiaz hitz egin da eta hitz hori ongi aukeratu dutela uste dut", esan du Oettingerrek Europako Parlamentuaren Energia batzordean egindako agerraldian. Fukushimako zentralean azken orduetan gertatzen ari dena ikusirik "oso kezkatuta" agertu da komisarioa.

"Okerrena ez gertatzea espero dut, baina datozen orduetan edo egunetan gertatzea ezin dugu baztertu", ohartarazi du Energia komisarioak.

Erradiazioa

Japonia erradiazioari aurre egiten ari da, Fukushimako zentral nuklearrean isuri erradioaktiboa sortu eta gero, bart jazotako eztandaren eta sutearen ondorioz.

Meteorologiako Mundu Erakundearen esanetan, haizea ozeanorantz eramaten ari da erradiazioa, baina hainbat tokitan erradioaktibitate maila handiak dituzte oraindik. Nolanahi ere, Osasunaren Mundu Erakundeak azaldu du ez dagoela arriskurik herritarrentzat.

Krisia seigarren mailara igo dute Gertakizun Nuklearren Nazioarteko Eskalan (INES). Guztira zazpi maila daude eskala horretan, larritasun txikienetik handienera. Txernobileko istripuari (1986) zazpigarren maila eman zioten, eta Three Mile Islandekoari (1979) bosgarrena.

Tokion, erradiazio maila ohi baino 10 aldiz handiagoa da, baina bertako agintariek berretsi dute ez dagoela arriskurik.

Bart beste eztanda bat (hirugarrena azken egunetan) eta sute bat jazo dira Fukushimako zentralean. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) baieztatu egin du erradioaktibitate isuria egon dela, eta eztandaren ostean, erradiazio maila muga legala baino zortzi aldiz handiagoa izan da, Kyodo agentziaren esanetan.

Handik eta hiru ordura, sutea piztu da zentralean, eta kalte handiak egin ditu laugarren erreaktorean.

Fukushiman 50 langile baino ez daude une honetan, gehienak, 800 inguru, ebakuatu egin baitituzte.

Gainera, Gobernuak zentraletik 30 kilometroko eremuan etxetik ez ateratzeko eta leihoak itxita izateko dei egin die herritarrei.

Garraio Ministerioak arrisku eremua ezarri du Fukushimaren inguruetan, eta debekatu egin du bertatik hegan egitea. Hirugarren erreaktorean, erradiazio maila pertsonentzat segurua dena baino 400 aldiz handiagoa da.

Kyodo agentziaren esanetan, erradiazioa muga legala baino 33 aldiz handiagoa da Utsunomiyan, Tochigi probintziaren hiriburuan (Tokioren iparraldean), eta bederatzi aldiz handiagoa Kanagawan (hegoaldean).

Beste hainbat probintziatan, Kanagawan eta Saitaman kasu, ere erradiazio maila oso handia da.

Horrela, Japoniako arrisku nuklearra "ez gutxiesteko" eskatu du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. "Japonian gertatutakoa erabat dramatikoa da", erantsi du.

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia

Lurrikarak kaltetu dituen zentral nuklear guztiak "seguruak eta egonkorrak dira", Fukushimakoa kenduta, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak gaur jakitera eman duenez.

Vienan igorritako komunikatuan, Fukushima Daini, Onagawa eta Tokaiko zentraletan arriskurik ez dagoela azaldu du NBEko erakundeak.

Hala ere, Fukushima Daiichiko zentral nuklearraren "egoerak kezkatzen" duela adierazi du Agentziak, "1,2 eta 3 erreaktoreak hozteko itsasoko ura ponpatzen jarraitzen dutelako".

Leherketak "bigarren erreaktorea babesteko ontzia kaltetu ahal izan" duela uste du Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak.

Debekupeko aire-eremua

Europako eta Asiako konpainia nagusiak Tokio saihesteko neurriak hartzen ari dira, hegaldiak hegoaldetik desbideratuz. Kezka da nagusi, Fukushima-1 zentral nuklearraren bigarren erreaktorean gertatutako leherketak kutsadura nuklearra eragin duela zabaldu baita.

Japoniako Gobernuak murrizketak ezarri ditu dagoeneko eta Fukushimako zentral nuklearraren inguruan 30 kilometroko debekupeko aire-eremua jarri du.

10.000 biktima

Dagoeneko hildakoak eta desagertuak 10.000 baino gehiago direla esan dute Japoniako agintariek. Bestalde, lurrikararen eta tsunamiaren ostean 25.000 lagun erreskatatu dituztela jakinarazi dute. Onik atera direnek zailtasunak dituzte elikagaiak eta ura lortzeko.

3.373 lagun hil dira eta 6.746 desagerturik daude lurrikararen ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea