Mundua -
TURKIA
18ra igo da Istanbulen etxebizitza bat erori ostean hildakoen kopurua
Fiskaltzak hondamendiaren nondik norakoak ikertzen jarraitzen du eta agintariek inguruko beste zazpi eraikin hustu dituzte erortze arriskuagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 18 pertsona hil dira Istanbulen, zortzi solairuko etxebizitza bat erori ostean pasaden otsailaren 6an. Gaur, larunbata, hiru gorpu atera dituzte eta beste 14 pertsona atera dituzte bizirik.
“74 ordutan 32 hiritar atera ditugu. Horietatik 14 bizirik daude, baina zoritxarrez, 18 hil dira”, baieztatu du Süleyman Soylu Barne ministroak.
Lanean jarraitzen dute erreskate taldeek eta pertsona gehiago bizirik aurkitzeko esperantza daukate. Bizirik atera duten azken pertsona 16 urteko nerabea izan da. Atzo, ostirala, erreskatatu zuten hondamendia izan eta 45 ordu geroago. Gazteak haustura batzuk ditu, baina kontziente dago eta bere osasun egoera “orokorrean ona” da.
Agintari turkoen esanetan, eraikinaren bost pisu -43 bizilagun 14 etxebizitzetan, udal-erregistroaren arabera- 1992an eraiki zituzten, baina geroago beste hiru solairu gehitu zizkioten modu ilegalean.
Fiskaltzak hondamendiaren nondik norakoak ikertzen jarraitzen du, baina ministroak aurreratu du bost solairuren ordez zazpi eraikitzea eta egoera txarreko hormigoia erabiltzea izan daitezkeela jazoeraren arrazoiak. “Hormigoia ikertu dugu eta itsasoko harearekin zegoen eginda, itsas-maskorrak ikusi ditugu”, gaineratu du Soylu Barne ministroak.
Agintariek inguruko beste zazpi eraikin hustu dituzte, horiek erortzeko arriskua aurreikusi baitute. Bestalde, Soyluk hiritarrei eskatu die etxebizitzetan zerbait susmagarria ikusten badute ahalik eta azkarrek abisatzeko buruzagiei. “Edozein hiritarren bere etxebizitza arriskuan dagoen jakin nahi badu, esan: gure Ministerioak modu azkar batean eta doan egingo du”, adierazi du ministroak.