Mundua -
Palestina
Palestina Askatzeko Erakundeak Beasaingo CAF enpresaren jarrera eskertu du
Jerusalementzat tranbia linea berri bat eraikitzeari uko egin dio konpainiak. Erabaki "zaila" hartu dutela jakitun dela eta konpainia horretako langileak "eredu" direla azpimarratu du OLPk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beasaingo CAF enpresak Jerusalemen tranbia linea berri bat eraikitzeko lizitazio prozesuan parte hartzeari uko egin zion, Palestinarekiko elkartasuna erakutsiz.
Israelgo Gobernuaren proiektuak polemika handia piztu du, tranbiaren linea berriak lurralde palestinarra zeharkatuko duelako.
Hortaz, langileen batzordeak lehiaketa horretan parte hartzeari uko egin ziezaiola eskatu zion zuzendaritzari. Eta hala egin dute.
Gaur, Palestina Askatzeko Erakundeak oharra kaleratu du CAFeko langileen jarrera eskertuz.
"Zuen ekimena eredugarria da; Europako beste langile askok ere zuek erakutsitako duintasuna, irmotasuna eta etika izango dutela espero dugu", dio OLPk gutunean.
"Jakin badakigu horrelako erabaki bat hartzea zaila dela, areago lanari eragiten dionean; horregatik, palestinarrok beti eskertuko dugu egin dutena", azpimarratu du.
"Giza eskubideak, nazioarteko eskubide humanitarioa eta herrien eta langileen arteko elkartasuna beste guztiaren gainetik dagoela erakutsi duzue", erantsi dute oharrean.