Mundua -

AEB

Trumpek larrialdi egoera nazionala ezarri du mugako harresia finantzatzeko

AEBko presidentearen erabakia “legez kanpokoa” dela uste dute Alderdi Demokratako agintariek. Kongresuaren boterea “defendatzeko” neurriak hartuko dituztela iragarri dute Pelosik eta Schumerrek.

Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: EFE
Donald Trump, AEBko presidentea
Trumpek larrialdi egoera nazionala ezarri du Mexikoko harresia finantzatzeko

1:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mexikoko mugatik heltzen ari den “inbasioa” eragozteko larrialdi egoera nazionala ezarri du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. Horrela, bi herrialdeen artean harresia eraikitzeko dirua lortuko du, AEBko Kongresuak onartutako 1.375 milioi dolarrak nahikoak ez direla iritzita.

“Larrialdi adierazpen bat sinatuko dut, beste presidente batzuek gauza ez hain larriengatik lehenago egin bezala. Gai oso garrantzitsua da”, adierazi du Trumpek. Sarah Sanders presidentearen bozeramaileak txio bat argitaratu du Twitter sare sozialean; buruzagia agiria sinatzen ageri da.

“Kriminalak, droga-trafikatzaileak Ameriketako Estatu Batuak inbaditzen” ari direlako hartu duela erabakia argudiatu du Trumpek Etxe Zurian. ‘Aingeruen Amek’ lagun dute agintaria agerraldian. Pertsona etorkinek hildako biktimen amak dira.

“Bulegora heldu bezain laster sinatuko dut, eta salatu egingo gaituzte, eta Auzitegi Gorenera iritsiko da, eta berriz salatuko gaituzte, eta ondoren berriro salatuko gaituzte”, iragarri du Trumpek, “eta porrot bat bezala saltzen saiatuko dira. Betikoa”. “Salatuko dutela uste dut. Ez luke gertatu beharko, baina gertatuko da. Eta, zorte apur batekin, irabaziko dut, mugarik gabeko herrialderik ez dagoelako”, erantsi du Trumpek.

AEBko presidentearen erabakia “legez kanpokoa” dela uste dute Alderdi Demokratako agintariek. “Existitzen ez den krisi batean oinarriturik legez kanpoko adierazpena egin du presidenteak; gure Konstituzioaren urraketa larria da”, azaldu dute Nancy Pelosi Kongresuko presidenteak eta Chuck Schumer Senatuko gutxiengo demokrataren buruzagiak.

Kongresuaren boterea “defendatzeko” neurriak hartuko dituztela iragarri dute bi buruzagi demokratek, judizialki zein kalean, eta “adiskide errepublikanoei” Konstituzioaren defentsarekin bat egiteko eskatu diete.

Turmpen erabakia "legez kanpokoa" dela uste dute Alderdi Demokratako agintariek

Honenbestez, Trumpek Mexikoko harresia eraikitzeko neurri-sorta iragarri du. Guztira, 8.000 milioi dolar erabiliko ditu harresia finantzatzeko, eta horretarako larrialdi egoera ezarri du.

Etxe Zuriak ostegunean jakinarazi zuen Trumpek beste bide bat hartuko zuela, Kongresuak lan horiek egiteko diru-laguntzak ukatu ostean.

Horren harira, Etxe Zuriko iturriek adierazi dute 8.000 milioi horietatik 3.500 larrialdi egoeraren fruitu izango direla.

Bestalde, dagoeneko onartutako fondoetatik 2.500 milioi eskuratuko ditu, eta Altxorraren Departamenduak 600 milioi gehiago eman beharko dizkio, drogen konfiskaziotik jasota.

Gainerako 1.375 milioiak, aurrekontuen negoziazioen ondotik, Kongresuan lortutakoak dira.

Hain zuzen ere, gaur bertan berronetsi du aurrekontua Trumpek, ostegunean bi ganberek onartu baitzuten. Horrela, gauerditik aurrera Administrazioa ixtea saihestuko dute.

Kontserbadoreek kontrakoa eskatu badiote ere, Etxe Zuriak argitu du AEBko presidenteak aurrekontuak berretsiko zituela, harresia finantzatzeko gainerako neurri ez ofizialekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Donald Trump hesia