Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Bernie Sanders Alderdi Demokrataren presidentegaia bilakatzeko lehian izango da

Donald Trumpi aurre egin eta bere ideia aurrerakoiak ezartzeko izan nahi du AEBetako presidente 2020ko hauteskundeetan, eta helburu horrekin aurkeztuko da Alderdi Demokrataren aukeraketa prozesura.  

Bernie Sanders. Artxiboko argazkia: EFE
Bernie Sanders.
Bernie Sanders. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bernie Sanders senatariak iragarri du Alderdi Demokrataren presidentegaia izan nahi duela 2020ko hauteskunde presidentzialetan eta, ondorioz, alderdi horren primarioetara aurkeztuko dela jakinarazi du.

2016an ere aurkeztu zen, baina orduan galdu egin zuen Hillary Clintonen aurkako lehia.

Vermonteko estatuko senataria da eta hango irrati publikoari eskainitako elkarrizketa batean egin du irarpena. "Lehendabizi Vermonteko herritarrek jakitea nahi nuen", adierazi du Sandersek.  

"Herrialde guztia zeharkatuko dut eta Vermonteko herritarrak harro gauden baloreak transmitituko ditut: justizia, komunitatea, oinarriko politikagintza eta udalbatzarrekiko konfiantza. Horixe eramango dute herrialde osora", adierazi du.

Sandersek azpimarratu du Donald Trumpi aurre egiteko eta bere egitasmo progresistak ezartzeko aurkeztu nahi duela hauteskundeetara. Proiektu horien artean osasun asistentzia unibertsala, gutxiengo soldatara igoera eta ikasleen zorraren murrizketa aipatu ditu.  

"Etxe Zuriko egungo maizterra lotsagarria da gure herriarentzat. Gezurti patologikoa da. Arrazista, sexista, homofoboa eta xenofoboa ere bada. Gutxiengoa engainatuz puntuak lortzen saiatzen da", nabarmendu du.

Halaber, Sandersek esan du "altxatzeko eta borrokatzeko prest" egongo diren milioi bat lagunez osatutako "mugimendua" zuzendu nahi duela Alderdi Demokrataren hauteskunde kanpainan.

Nolanahi ere, erantsi du badakiela kanpaina honek ez duela inolako zerikusirik izango 2016koarekin. Orduan, berak soilik egin zion aurre Hillary Clintoni. Oraingoan, baina, hamaika politikari demokratek agertu dute primarioetan parte hartzeko asmoa, hala nola, Cory Booker, Kirsten Gillibrand, Kamala Harris, Amy Klobuchar eta Elizabeth Warrenek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump