Mundua -

Alarma erradioaktiboa Japonian

6,1 graduko lurrikara batek Japoniako ipar-mendebaldea astindu du

- 18:56ean tokiko ordua jazo da eta ez du kalterik sortu.

- Gobernuaren hitzetan, Fukushimako zentralak "gutxikako hobekuntza" izan du, hala ere, datozen orduetan gerta litekeena ezin da aurreikusi.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Richter eskalako 6,1 graduko lurrikara berri batek Ibaraki probintzia astindu du, Japoniako ipar-mendebaldea. Ibarakiko agintariek jakitera eman dutenez, probintziako zentral nuklearrek ez dute kalterik jaso.

Tokion ere antzeman duten lurrikara hau 18:56ean (tokiko orduan) jazo da (10:56 Euskadiko orduan). Japoniako Meteorologia Agentziak ohartarazi duenez, baliteke lurrikara honek itsas-mailan "aldaketa txikiak" eragitea. Hala ere, ez da tsunami berririk espero.

"Gutxikako hobekuntza", Fukushiman

Yukio Edano Japoniako Gobernuaren buruak zabaldu duenez, Fukushimako zentral nuklearra "gutxikako hobekuntza" izan du. Hala ere, datozen orduetan gerta litekeena aurreikusi ezin dela baieztatu du Edanok.

Lehenengo eta hirugarren erreaktorearen egoera egonkortu egin da hura hozteko lanei esker. Hala ere, lehenengo erreaktoreak nukleoaren fusio partziala izan du. Baliteke hirugarren erreaktorea egoera berean egotea baina berri hau oraindik ez dute berretsi, Kiodo albiste-agentziak jakitera eman duenez.

Esnea eta espinakak, kutsatuta

Halaber, janari kutsatuaren berri eman du Edanok, isuri erradiaktibotik hurbil zeuden esnea eta espinakak ekoizten dituen lantegietan, hain zuzen ere. Hala ere, Japoniako Gobernuaren hitzetan, janari hauek ez dute osasunerako "berehalako kalterik".

"Egunero erradiazio apur jaso ohi dugu, beraz, mesedez, lasaitasuna mantendu dezagun", eskatu du Edanok. Gobernuak jakitera eman duenez, Fukushimako istripuak eragindako isuri erradiaktiboari buruzko datuak emango ditu jakitera.

Minutuko isilunea

Lurrikara izan zenetik aste bat bete da gaur eta Japoniako parlamentariek, agintariek eta erreskate taldeetako kideek minutuko isilunea gorde dute hondamendiaren biktimak gogoratzeko.

Azken balantze ofizialaren arabera gutxienez 6.900 pertsona hil dira eta 10.700 desagertuta daude. Hala ere, biktimen kopuruak oraindik gora egitea espero dute agintariek, batez ere Iwate, Miyagi eta Fukushimako probintzietan.Momentuz, 26.000 lagun erreskatatu dituzte, Japoniako Gobernuaren esanetan.

Bestalde, 23.000 bat lagunek bakarturik jarraitzen dute lurrikararen zonan eta eguraldi txarrak ez du batere laguntzen erreskate operazioetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea