Mundua -

VENEZUELA

Venezuelako trantsizioa modu baketsuan egin behar dela berretsi du Limako Taldeak

Bogotan astelehenean egindako goi-bileran, Limako Taldeak esku-hartze militarraren aukera baztertu du. Venezuelako arazoak Venezuelako Gobernuarekin bat eginda konponduko direla erantzun du Madurok.

Limako Taldearen bileraren osteko prentsaurrekoa. Argazkia: EFE
Limako Taldearen bileraren osteko prentsaurrekoa
Limako Taldearen bileraren osteko prentsaurrekoa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako hiriburuan, Bogotan, astelehen honetan egindako goi-bileran, Limako Taldeak Venezuelan esku-hartze militarra baztertu, eta trantsizioa venezuelarrek eurek "modu baketsuan eta Konstituzioaren babesean" egin behar dutela berretsi du.

Herrialde hauetako ordezkariek parte hartu dute Limako Taldean: Argentina, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Guatemala, Honduras, Panama, Paraguai, Peru eta Venezuela. Venezuelaren izenean, Juan Guaido bere burua presidente izendatu duen oposizioko buruak parte hartu du. Horiez gain, Mike Pence AEBko presidenteordea ere izan da bertan.

Bileraren amaieran, parte-hartzaile guztiek adostutako adierazpen bateratua irakurri du Carlos Holmes Trujillo Kolonbiako Atzerri ministroak.

Aipaturiko adierazpen bateratuan, agintari neutro batek deituta, "hauteskunde libre eta justuak" egitearen alde mintzatu dira Limako Taldeko kideak, eta hauteskunde horietan alderdi politiko guztiek parte hartzea eta nazioarteko ordezkariek prozesua behatzea eskatu dute.

Bestalde, Nicolas Maduroren irteera eta Juan Guaido bere burua presidente izendatu duen oposizioko buruaren "autoritatea" errespetatzea eskatu du Limako Taldeak.

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak berehala erantzun dio Limako Taldearen adierazpenari. Venezuelako arazoak Venezuelako Gobernuarekin bat eginda konponduko direla nabarmendu du Madurok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Venezuela Kolonbia Latinoamerika albisteak Nicolás Maduro gaur Juan Guaidó