Mundua -

Venezuela

Fiskaltzak Guaidoren aurkako ikerketa zabaldu du itzalaldiengatik

Itzalaldiak iragan ostegunean hasi ziren toki zehatzetan, baina orokortu dira. Argindar falta sabotaje baten ondorio dela uste du Maduroren Gobernuak.

Caracas (Venezuela). Argazkia: EFE
Caracas (Venezuela). Argazkia: EFE
Caracas (Venezuela). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bere burua presidente izendatu zuen Juan Guaidoren aurkako ikerketa abiatuko dutela iragarri du Tarek William Saab Venezuelako fiskalburuak, itzalaldietan erantzukizuna leporatuta. Nicolas Maduroren Gobernuak argindar falta sabotaje baten ondorio dela uste du.

Oposizioko buruzagia “sistema elektriko nazionalari egindako erasoagatik” ikertuko dutela azaldu du Saabek agerraldian, AVN albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez.

Bestalde, Guaidoren txio bat aipatu du fiskalburuak prentsaurrekoan; ustez delituzko jokabideak goratzen ditu oposizioko buruzagiak. “Arpilatzea delitu bat da”, adierazi du Saabek, baina ez du argitu horregatik ere ikertuko duten.

Itzalaldiak iragan ostegunean hasi ziren toki zehatzetan, baina orokortu dira. Argindar falta sabotaje baten ondorio dela uste du Gobernuak, baina inbertsio eta mantentze faltagatik instalazioak zaharkiturik geratu direla salatu du oposizioak.

Bere burua presidente izendatzeagatik Guaido ikertzen ari zen Ministerio Publikoa dagoeneko. Gainera, Venezuelatik ateratzea debekatu zion Auzitegi Gorenak Batzar Nazionaleko presidenteari. Ondasunak besterendu zizkioten, eta bere aktiboak blokeatzeko agindua eman.

Hala ere, Guaidok Kolonbiako muga zeharkatu zuen, Venezuelara laguntza humanitarioa sartzeko saiakeraren markoan, Cucutan. Ondoren, Brasil, Argentina, Paraguai eta Ekuadorrera joan zen. Astebete geroago Venezuelara itzuli zen.

Itzalaldia "konpondu" dutela ziurtatu du Gobernuak, baina "argindarraren gerrak" jarraitzen duela ohartarazi du

Bestalde, ia herrialde osoak azken bost egunetan bizi izan duen itzalaldia “konpondu” dutela iragarri du Jorge Rodriguez Venezuelako Informazio eta Komunikazio ministroak. Hala ere, argindar arazo berriak sor daitezkeela ohartarazi du, “gerra elektrikoak jarraitzen duelako”.

“Une honetan arazoak konpondu ditugu (…) Gaur Venezuelaren lerro-burua gure garaipena da, sistema elektriko ia guztia martxan dagoelako”, esan du Maduroren Gobernuko bozeramaileak Miraflores jauregian, bertako prentsak jakinarazi duenez.

Itzalaldiari jarraitu dioten ur hornidura arazoak datozen orduetan konponduko dituztela iragarri du. “Ezinbesteko likidoa Caracas Handira eramateko produkzio sistemak martxan jartzeko protokoloak hasi ditu Hidrocapitalek”, Estatuko enpresak Twitter sare sozialean baieztatu duenez.

“eraso basati”

Azkenik, Guaidoren aurka egin du presidenteordeak. Rodriguezen hitzetan, “psikopata” bat da, “Caracas askoz ahulago uzten zuela jakinda, Tacoa Zentrala sabotatu zuen, herrialdeko zenbait alde argindarraz hornitzen dituen zentral termoelektrikoa”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro Juan Guaidó