Mundua -
Alemania: erregio bozketa
Angela Merkelek baieztatu du ez duela Gobernua birmoldatuko
Gobernuaren bozeramaileak azaldu duenez, "kantzilerrak ez du hori egiteko asmorik". Baden-Württembergen eskualdea galdu ostean, alderdiarentzat "egun mingarria" izan dela onetsi du Merkel.
Erredakzioa
Atzo, igandean, Alemaniako bi eskualdeetan izandako erregio hauteskundeetan Angela Merkelen alderdiak boterea galdu badu ere, kantzilerrak Gobernua erreformatzeko asmorik ez duela jakitera eman du Alemaniako Exekutiboaren bozeramaileak. Steffeb Seiberten esanetan, "kantzilerrak ez du hori egiteko planik". "Gainera", azaldu du Seibertek, "behar izatekotan, mota honetako erabakiak alderdiaren barnean hartuko genituzke".
Merkelen Batasun Kristaudemokrata (CDU) alderdiak porrot egin zuen atzo, igandea, bi eskualdeetan izandako hauteskundeetan. Lortutako emaitzak direla eta, Baden-Württembergen erregioan boterea galdu du eta oposizioan izango da hemendik aurrera. Azken 58 urteetan Gobernuko buru zen Merkelen alderdia. Orain berdeen eta sozialdemokraten arteko koalizio bat izango da Gobernuan.
Hauteskundeen emaitzei dagokionez, "ez dago ezer txikiagotzeko arrazoirik, CDU alderdiarentzat egun mingarria izan da", esan du Merkelek, "58 urtez boterea izan ostean, Baden-Württemberg eskualdeko Gobernua galdu dugulako eta hori ez dugu egun batetik bestera gaindituko".
Berdeek haien lehenengo eskualdea lortu dute Alemanian. Honen harira, energia nuklearraren etorkizunari buruzko presazko neurriak hartzeko asmorik ez duela argitu du kantzilerrak, behintzat, ekainean Alemaniako zentral nuklearren ikerketaren emaitzak ezagutu arte. Hala ere, Japoniakoa ikusita, "energia nuklearrari buruzko iritzia aldatu" duela onartu du Merkelek.