Mundua -

HERBEHEREAK

Gutxienez hiru pertsona hil dituzte eta bederatzi zauritu Utrechteko tiroketan

Poliziak esan du eraso terrorista bat izan daitekeela, eta terrorismoaren kontrako alerta maila gorena ezarri dute Utrecht eskualde osoan.

Tiroketa izan den gunea itxita du Poliziak. Argazkia: EFE.
Tiroketa Utrechten, Herbehereetan.
Hiru hildako eta bederatzi zauritu Utrechten izan den tiroketan

1:20

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tiroketa bat izan da gaur goizean, 10:45 inguruan, Herbehereetako Utrecht hirian, eta gutxienez hiru pertsona bat hil dituzte eta bederatzi zauritu, Jan van Zanen bertako alkateak baieztatu duenez.

Ustezko erasotzailea Gökmen Tanis 37 urteko turkiarra izan daitekeela jakinarazi dute bertako agintariek. Haren argazki bat zabaldu dute, tranbiako segurtasun kameretatik hartutako irudi bat.

NOS hedabidearen arabera, ustezko erasotzaileak duela bi aste deklaratu zuen epailearen aurrean, bortxaketa kasu batekin zerikusia zuelakoan.

Lekukoen arabera, gizonezko bat tiroka hasi da kale erdian, Urriaren 24a plazan dagoen tranbia-geltokitik gertu, oinezkoen aurka, eta ondoren ihes egin du. Harrezkero, Polizia "erasotzaileen" bila dabil. Dirudienez, ihes egin dute guztiek, horietako batek Renault Clio batean. Gainera, Kanaleneiland ingurua miatzen dabiltza, ustez autoan alde egin duen erasotzailea bertan ezkutatuta egon litekeelakoan.

Eraso terrorista bat izan daitekeela esan du Herbehereetako Poliziak:

Utrecht Herbehereeak

Argazkia: EFE.

Tiroketa izan den gunea itxi egin du Poliziak; zaurituetako batzuk erietxera eraman dituzte eta beste batzuk erasoa izan den lekuan bertan artatu dituzte.

Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak bertan behera utzi ditu gaurko zituen hitzorduak, eta onartu du "egoera oso kezkagarria" dela. "Terrorismo kasu baten aurrean baldin bagaude, erantzuna bakarra da: gure Zuzenbide Estatua eta demokrazia indarkeria baino gogorragoak dira", esan du Ruttek prentsaren aurrean egin duen agerraldian.

Alderdi politiko guztiek bertan behera utzi dituzte egunotarako deitutako ekitaldiak. Etzi, asteazkena, udal hauteskundeak daude deituta Herbehereetan.

Utrechteko Unibertsitate Ospitaleak zaurituak artatzeko gune berezia zabaldu du.

Alerta maila gora

Herbehereetako Gobernuak krisi egoeretarako batzordea deitu du eguerdian, egoera aztertu eta erabakiak hartzeko. Oraingoz, hiriburuko ikastetxe guztietako sarrera-irteerak itxita edukitzeko agindua eman dute. Hiriko meskita nagusiak jendez husteko ere agindu dute.

Terrorismoaren kontrako alerta maila gorena ezarri dute Utrecht eskualde osoan.

Terrorismoaren Aurkako Herbehereetako Zerbitzuaren arabera, hiriko hainbat lekutan izan dira tiroketak, larriena bat izan bada ere.

Ikerketa

Lehen ikerketen arabera, Renault Clio markako auto batean egin du ihes erasotzaileak.

Bestalde, iturri ofizialen arabera, Kanaleneiland auzoan etxebizitza bat zaintzen ari dira, erasotzailea bertan ezkutatua egon daitekeelakoan.

Utrechteko Udalak etxetik edota lantokitik ez irteteko deia egin die bizilagunei, beste eraso bat izateko aukera ez baitute baztertzen.

Doluminak

Iñigo Urkullu lehendakariak Utrechteko erasoa salatu du eta bere doluminak helarazi dizkie Herbehereei eta bertako herritar guztiei. "Atentatu terrorista hau bizitzaren eta duintasunaren aurkako atentatu bidegabe bat da. Mina besterik ez du eragiten. Euskaditik elkartasuna adierazi diogu Herbeheretako herriari eta bat egin atsekabeko une latz hauetan", esan du.

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak ere bere doluminak helarazi dizkie biktimei eta haien senitartekoei.

"Mark Rutterekin hitz egin berri dut, Utrechteko egoerari buruzko azken informazioa jasotzeko. Europako Batasuna Herbehereen eta bertako herritarren alboan dago une zail hauetan. Nire pentsamendua zaurituekin eta senideekin dago", esan du Junckerrek txio batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Herbehereak Eguneko albisteak Albisteak