Mundua -
Petrobras auzia
Michel Temer Brasilgo presidente ohia atxilotu dute
Ustelkeriaren aurkako borrokan Lava Jato historiako operaziorik handiena da, eta Petrobras eskandalu erraldoia argitara eman zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Brasilgo Polizia Federalak Michel Temer (2016-2018) presidente ohia atxilotu du ostegun honetan, Lava Jato auziarekin lotuta. Ustelkeriaren aurkako borrokan historiako operaziorik handiena da, eta Petrobras eskandalu erraldoia argitara eman zuen.
Marcelo Bretas Rio de Janeiroko epaile federalak Temer atxilotzeko agindua eman du. Era berean, Wellington Moreira Franco ministro ohia atxilotzeko agindua eman du Bretasek. Moreira presidente ohiaren laguntzaile garrantzitsu bat da, eta alderdikidea Brasilgo Mugimendu Demokratikoan.
Ustelkeriagatik Temerren aurkako epaiketa abiatzea bi aldiz eskatu zion Fiskaltzak Gorte Gorenari, baina Kongresuak prozedurak baimentzeari uko egin zion. Auziek aurrera egin ahal izateko, Temerrek forupeko izateari utzi behar zion, eta hori agintaldia bukatu zenean gertatu zen, urtarrilaren 1ean.
Buruzagi ohiaren aurkako prozedurak lehen auzialdiko epaileen esku jarri zituzten, Temerrek forupeko izateari utzi zionean. Horregatik, presidente ohiaren aurkako neurri judizialak espero ziren.
Java Jatori lotuta, Brasilen atxilotzen duten bigarren Estatuburua da; izan ere, Luiz Inacio Lula da Silva (2003-2010) bi zigor betetzen ari da apiriletik. 12 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten ustelkeriagatik eta dirua zuritzeagatik.
Temer Brasilgo presidenteordea zen 2011tik, eta 2016an Estatuburu izendatu zuten, Kongresuak Dilma Rousseff (irregulartasunak kontu publikoen aurkezpenean) kargutik kendu ondoren. Temer Sao Pauloko etxean atxilotu dute goizean.