Mundua -
Norvegia
1.300 laguneko bidaiari-ontzi bat husten ari dira Norvegian, matxura baten ondorioz
Ebakuazio zerbitzuek bost helikoptero erabili dituzte Viking Sky ontziko bidaiariak eta tripulazioa ateratzeko. Oraingoz 500 pertsona ateratzea lortu dute, eta ontzia erremolkatzen hasi dira.
Agentziak | Erredakzioa
Motorretan izandako matxura batek kruzero edo bidaiari-ontzi bat husteko operazio konplexu bat egitera behartu du, Norvegia ekialdean, Hustadvikako kostaldetik bost bat kilometrora.
"Viking Sky bidaiari-ontziak laguntzako seinale bat igorri du, eguraldi txarrarekin propultsio arazoak izateagatik. Lurrerako bandan dago. Zenbait helikoptero eta ontzi bidali ditugu", esan dute Møre eta Romsdal konderriko erreskate zerbitzuek.
Erreskate zerbitzuek emandako informazioaren arabera, 469 pertsona atera dituzte 11:30erako. Guztira, 1.373 dira. Lurrera eramango dute bidaiari-ontzia, hiru motor martxan jarri ostean.
Hamazazpi lagun ospitalera eraman dituzte, Fræna udalerriko agintarien arabera. NRK telebista publikoak esan duenez, hiru larri daude.
Larunbat arratsaldean piztu ziren alarmak, eta berehala bidaiarientzako harrera zentro bat prestatu zuten kostaldetik gertu.
Olatuek eta haizeak erreskate lanak zaildu dituzte.
Norvegiako erreskate zerbitzuen arabera, bost helikoptero eta hainbat ontzi aritu dira lanean. Helikoptero bakoitzak hamar eta hamabost bidaiari artean eraman ditzake joanaldi bakoitzean.