Mundua -
Hauteskunde aurreratuak
Portugalgo presidenteak hauteskundeak deitu ditu ekainaren 5erako
Krisi politikoak Portugalgo zor subiranoaren gaineko presioa handitu du merkatuetan, eta finantza erreskate bat izateko zorian utzi du.
Erredakzioa
Portugalen, 9 milioi hautesle baino gehiago deitu dituzte ekainaren 5ean Errepublikaren Biltzarreko ordezkariak aukeratzeko. Portugalgo zorraren krisiari eta Estatuaren finantza-arazoen aurrean kanpotik hel litezkeen laguntzei aurre egin beharko die Gobernu berriak.
Jose Socrates lehen ministroak martxoaren 23an kargua utzi ostean, Cavaco Silvak desegin egingo du Biltzarra herritarrek Gobernu berri bat aukera dezaten.
Cavacoren hitzetan, Socratesen Gobernuak Portugalek behar dituen finantza erabakiak hartzeko gaitasunarekin jarraituko du. Funtziotan dagoen Gobernua finantza-erreskatearen kontra agertu da.
Portugalgo egoera ekonomikoa, politikoa eta soziala oso-oso txarra dela esan du presidenteak, eta horren aurrean, hauteskundeak egin ondoren, Portugalen arazo "oso-oso larriak" gainditzen saiatzeko giro egokia lortzeko laguntza eskatu die alderdi politiko guztiei.
Portugalgo alderdi politikoak hauteskunde-kanpaina prestatzen hasita zeuden jada, hauteskundeak nahitaez aurreratu behar zirela sinetsita. Gobernuak dimisioa aurkeztutakoan, sektore publikoan 3.000 milioiko galerak onartu ditu; iazko defizita, beraz, % 7,3tik % 8,6ra hazi da.