Mundua -

Krisi nuklearra Japonian

Japoniak ez du Fukushima-1eko ebakuazio gunea zabalduko

Fukushimako 11.500 tona ur erradioaktibo isuriko dituzte gaur itsasora. Zentraleko ur-tanga batzuk hustu nahi dituzte erradiazio maila handiagoz kutsatutako ura bertan biltzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Japoniako Segurtasun Nuklearreko eta Industria Agentziak ez du "oraingoz" Fukushima-1eko zentral nuklearreko ebakuazio gunea zabalduko.

Koichiro Nakamura Japoniako Agentziako zuzendariordeak Vienan hitz egin du gaiari buruz, eta "oraingoz" ez dutela egingo esan du. Egungo muga Fukushimatik 20 kilometrora ezarrita dago. Dena den, "baliteke etorkizunean muga hori zabaltzea", esan du.

Japoniak Fukushimaren inguruan ezarritako neurriak gaitzetsi izan dituzte sarritan; batez ere, 40 kilometrora dagoen herri batean ohi baino erradiazio maila handiagoak aurkitu ostean.

Fukushimako 11.500 tona ur erradioaktibo isuriko dituzte itsasora

Fukushimako zentrala kudeatzen duen enpresak Ozeano Barera 11.500 tona ur erradiaktibo isuriko dituztela jakinarazi du.

Operazioa gaur hasiko dute. Ur horrek duen erradiazio maila baxua dela adierazi du TEPCOk, onartutakoa baino ehun aldiz handiagoa omen da.

Isuriko dituzten 10.000 tona zentralak dituen hainbat tanga berezitan bilduta daude eta beste 1.500 tona 5. eta 6. erreaktoreetako sotoetakoak dira.

Helburu nagusia tanga horiek hustu eta 1, 2 eta 3 erreaktoreetan erradiazio maila handiagorekin kutsatuta dagoen urari lekua egitea da. Izan ere, ur hori, zentrala mendean hartzeko ahaleginak oztopatzen ari da etengabe.

Itsasoan zabaldutako erradiazioa aztertzen

Bitartean, langileak azken egunotan itsasoan sartu den ur erradiaktiboa nondik galdu den ikertzen ari dira.

Atzemandako erradiazio maila dela eta jarioa 2. erreaktoreko nukleotik datorrela uste dute.

Horregatik, gaur kolore zuriko likidoa bota dute erreaktore horren inguruko tunel batera itsasora nondik galtzen den aztertu eta zein bide jarraitzen duen ikusteko.

Erreaktoreak duen jarioari aurre egiteko arraila produktu kimikoekin istea aztertzen ari dira eta ur erradioaktiboa itsasoan zabal ez dadin hesi bat jartzea ere pentsatu dute.

Biktimen balantzea

Azken balantze ofizialaren arabera, gutxienez 12.157 dira hildakoak eta 15.496 herritar desagertuta daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea