Mundua -
barne ikerketa
Alan Garcia ikertzen ari ziren fiskalen aurkako ikerketa abiarazi dute
Odebrecht auziagatik Peruko presidente ohia ikertzen ari ziren bi fiskalek ukatu egin dute irregulartasunik egin izana. Gobernuak hiru eguneko dolua ezarri du.
agentziak
Peruko Ministerio Publikoak ikerketa bat abiarazi zuen atzo, asteazkena, Jose Domingo Perez eta Henry Amenabar fiskalen aurka, hango hedabide batzuek zabaldu dutenez. Ikerketa "ustezko administrazio arau-hausteak " egiteagatik abiarazi dute, Alan Garcia hildako presidente ohiaren aurkako ikerketaren harira.
Barne ikerketa "ofizioz" ireki dute, eta hori esker zenbait hedabideek fiskal taldeari buruz argitaratutako "zalantzak" argitu nahi dituzte. Bereziki, "etxebizitzan sartu eta behin- behinean atxilotzeko" aginduaren inguruan, dio agiriak.
Ministerio Fiskalak bost eguneko epea eman die fiskalei "gertatutakoaren txosten" bat aurkezteko, eta euren bertsioa babesteko agiriak jasotzeko eskatu die.
Halaber, Odebrecht auziak Perurekin izan duen ustezko loturaren harira fiskaltzak egindako edozein ekintzaren berri ematen duten albisteak biltzeko eskatu dio Fiskaltzaren irudiaz arduratzen den bulegoari.
Odebrecht auziagatik Peruko presidente ohia ikertzen ari ziren bi fiskalek ukatu egin dute irregulartasunik egin izana atxilotzeko agindua emateko izapidean.
Garcia atxilotzeko eskaera Perezek egin zuen, aurreko igandean Odebrechtek Luis Naca Presidentetza idazkari ohiari eta Jose Nava haren semeari lau milioi dolar baino gehiago ordaindu zizkiela aitortu zuela ezagutu ostean. Ordainketak Limako Metroko 1. Linea eraikitzeko kontratua bereganatzeko egin zituen.
Hiru eguneko dolua
Peruko Gobernuak, bestalde, hiru eguneko dolua ezarri du presidente ohiaren heriotzagatik, eta jardunean dagoen agintari bati dagozkion hileta-elizkizunak egitea onartu du.
El Peruano hedabideak plazaratutako larrialdiko dekretu goren baten arabera, dolua atzotik ostiralera bitartean egingo da, hain zuzen, Aste Santuarekin batera.