Mundua -

Aurten 26.000 dira dagoeneko

Afrika iparraldeko 650 etorkin gehiago iritsi dira Lampedusara

Gaur astelehena, Europar Batasuneko barne ministroek Italian sortu den migrazio krisia aztertuko dute, aurten 26.000 etorkin iritsi baitira dagoeneko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Afrika iparraldeko 650 etorkin iritsi dira azken orduetan Italiako Lampedusa irlara; azken egunetan nabarmen hazi da Libiako kostatik iristen den etorkin kopurua.

Gaur Italiako komunikabideek azaldu dutenez, bart gauean Libiatik bi txalupa handi iritsi dira 180 etorkinekin, gehienak Eritrea eta Somaliakoak.

Horiei bart iluntzean Lampedusara iritsi ziren beste bi txalupa gehitu behar zaizkie, bat Libiatik eta bestea Tunisiatik iritsi ziren eta hurrenez hurren, 320 eta 170 etorkin zihoazen barruan.

Gaur, astelehena, hasiko dira funtzionatzen Lampedusatik Tunisiara egunero zuzenean joango diren bi hegaldiak; horietan Italiako irlara iritsi diren tunisiarrak beren herrialdeetara eramango dituzte berriro, Italiako eta Tunisiako gobernuek iragan asteartean sinatu zuten akordioaren bitartez, Silvio Berlusconi lehen ministroak larunbatean iragarri moduan.

Italiako egunkariek gaur diotenaren arabera, Europako barne komisarioak, Cecilia Malmstromek Italiako barne ministroari Roberto Maroniri eskutitz bat bidali dio eta bertan dioenaren arabera, Lampedusara iritsi diren tunisiarren bizileku baimenek ez dute "automatikoki" esan nahi Schengen gunean libre zirkulatu dezaketela.

Italiako Barne Ministerioko iturrien esanetan, Europako komisarioak bidali duen eskutitz horrek ez duela "ezer berririk esaten". Silvio Berlusconiren gobernuaren ustez, etorkinek baldintza batzuk bete behar dituzte libre zirkulatzeko, eta hori komisarioak bidali duen eskutitzean "errespetatu egiten da".

Bitartean, gaur astelehena, Europar Batasuneko barne ministroak Luxenburgon elkartuko dira azken hilabeteetan Italian sortu den migrazio krisia aztertzeko; aurten dagoeneko 26.000 etorkin iritsi dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea