Mundua -

Sua Pariseko katedralean

Notre Dameko sutea zirkuitulabur batek eragin zuela uste dute ikertzaileek

Tenpluko orratza zaharberritzeko lanean ari ziren behargin batzuek aldamioetan erretzen zutela aitortu diete ikertzaileei.

Lanak Notre Dameko katedralean, Parisen (Frantzia). Argazkia: EFE/ Christophe Petit Tesson
Lanak Notre Dameko katedralean, Parisen (Frantzia).
Lanak Notre Dameko katedralean, Parisen (Frantzia). Argazkia: EFE/ Christophe Petit Tesson

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Notre Dameko (Paris) katedralaren teilatu zati bat kiskali zuen sutearen harira, Frantziako Poliziak zazpi zigarro-punta aurkitu ditu sua piztu zen aldamioetan, Le Canard Enchaîné astekariak asteazken honetan jakitera eman duenez. Hala ere, sutea zirkuitulabur batek eragin zuela uste dute ikertzaileek, Le Canard-en arabera.

Tenpluko orratza zaharberritzeko lanean ari ziren behargin batzuek aldamioetan erretzen zutela aitortu diete ikertzaileei, segurtasun arauak urratuz, astekariak erantsi duenez.

Zentzu horretan, instalazio elektrikoan zenbait irregulartasun antzeman dituzte, konkretuki, orratzean bertan eta haren azpian zeuden kanpaiak argindarrez hornitzeko hariterian. Katedralaren egurrezko habeak zeharkatzen zituen lineak.

Behin-behineko dispositibo horri oniritzia eman zioten 2012an, Notre Dameko elizgizonek eskatuta, kanpandorre nagusiak zaharberritzeko lanetan. Ondoren kanpaiak ordezkatu ahal izateko eman beharreko pauso bat zen.

Le Canard-en hitzetan, ez zuten dispositiboa sekula ordezkatu, erabiltzen jarraitzen zuten, eta orratza zaharberritzeko aldamioak horren gainean jarri zituzten.Orratzeko kanpaiak sutearen egunean jo zituzten 18:04ean, mezara deitzeko, ikertzaileek egiaztatu dutenez.

Hamabi minutu geroago kea antzemateko lehen alerta piztu zen katedraleko segurtasun postuan, eta bost geroago aurreneko su alarma jo zuten.

Une horretan fededunak ateratzen hasi ziren, baina egiaztatzera bidalitako bi segurtasun ofizialek sugarrik aurkitu ez zutenez, alerta faltsua zela pentsatu zuten, eta sinestunei geratzeko eskatu zieten.

Le Canard-en ahotan, ofizialak okerreko tokira bidali zituzten suaren bila. Segurtasun enpresa pribatuak, ordea, informazio hori ukatu du.

Suteak antzemateko instalazioa sua hasieran itzaltzeko prest zegoen, baina sugarrak topatzeko atzerapenaren ondorioz handiegia zen ordurako, astekariak gaineratu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris Suteak Frantzia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak